Ekonomia -
Aurrekontuak
EAEko defizita % 3,5era iritsi ahalko da, eta aldundiek zorpetzeko aukera izango dute
Eusko Jaurlaritzak 1.716 milioiko defizita izan ahalko du aurten, eta 1.617 milioikoa, 2021ean. Aldundien kasuan, 595 eta 588 milioi izango dira, hurrenez hurren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeek % 3,5erainoko zorra izan ahalko dute aurten. Hala erabaki dute Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak asteazken honetan egin duen bileran.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Ogasun Ministerioak defizita % 2,6ra igotzea adostu zuten uztailean, eta orain, lehen aldiz, foru aldundiei zorpetzeko aukera (% 0,9) ematea erabaki dute.
Horrez gain, 2021erako defizit muga % 3koa izan da: % 2,2ko Eusko Jaurlaritzarentzat eta % 0,8koa aldundientzat.
Hortaz, Eusko Jaurlaritzak 1.716 milioiko defizita izan ahalko du aurten, eta 1.617 milioikoa, 2021ean. Aldundien kasuan, 595 eta 588 milioi izango dira, hurrenez hurren.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren zor publikoaren zenbatekoa ere zehaztu dute: % 16,3koa aurten eta % 16,9koa 2021ean. Helburua betez gero, 10.821 eta 12.440 milioi euro izango lituzke, hurrenez hurren.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak azpimarratu du "aurrekaririk gabeko akordioa" dela, finantzazio sistemari "bultzada" emateko balioko duela iritzita.