Ekonomia -
BONUAK
Turismorako eta kontsumorako 620.000 bonuak, urriaren 28tik aurrera eskuragarri
Bonuek "Euskadi Turismo Bonua" eta "Euskadi Bono Denda" dute izena, eta 5, 10 edo 20 euroko deskontuak dituzte turismoan, ostalaritzan eta merkataritzan.
EITB.EUS
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak aldundiekin, udalekin eta EUDELekin koordinatutako bonuak aurkeztu ditu asteazken honetan, turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektorera bideratutakoak. Erakundeen arteko akordio aitzindaria da, eta krisiak gehien zigortutako sektoreak suspertzea du helburu, baita eragina jasan duten familien kontsumoa aktibatzen laguntzea ere.
Bono horien aginduak urriaren 5ean emango dira argitara, eta hurrengo egunean, hilaren 6an sartuko dira indarrean. Hiru asteko epea emango zaie establezimenduei atxikitzeko. Ondoren, urriaren 28an, bonuak herritarren eskura egongo dira.
Euskadin bizi diren edo beste leku batzuetatik bisitatzen gaituzten 18 urtetik gorako pertsonek erosi ahal izango dituzte bonu horiek, turismoko bonuen kasuan, urriaren 28tik aurrera. Ez dira fisikoki bonoak emango, baizik eta online plataformaren (irailaren 6an aktibatuko da) bidez gastatzea erabakitzen den establezimenduan bertan kudeatuko dira.
Nola funtzionatuko dute bonu hauek?
Bonuak deskontu-kupoiaren ereduan oinarritzen dira, eta, saltokietan, modalitate bakarra dute: 10 euroko deskontuak gutxienez 30 euroko erosketetan. Gehienez 4 bonu erosi ahal izango dira, 40 euroko deskontuarekin. Merkataritza-arloko mikroenpresei eta enpresa txikiei zuzenduta daude.
Turismoan eta ostalaritzan, berriz, 3 modalitate daude. 1. eta 2. modalitateak ostalaritzako, sukaldaritzako eta interes turistikoko jardueretako establezimendu eta enpresentzat dira, eta 5 edo 10 euroko deskontuak dira 20 edo 40 euroko gutxieneko erosketetan, hurrenez hurren. Hirugarren modalitatean, 20 euroko deskontua egingo da turismo-ostatuetan gutxienez 60 euroko erosketa eginez gero. Establezimendu bakoitzeko gehienez 2 bonu erosi ahal izango dira, eta asko jota 40 euroko deskontua egingo da pertsona bakoitzeko.
Guztira 966.250 bonu jarriko dituzte (466.250 ostalaritzan eta turismoan eta 500.000 merkataritzan), 8,7 milioi euro merkatuan jarriz. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 2 milioi euro emango ditu turismorako eta 3,7 milioi merkataritzarako, 5,7 milioi euro guztira. Denera, 620.000 bonu egongo dira eskuragarri, 250.000 bonu deskontu turismoan eta ostalaritzan eta 370.000 merkataritzan.
"Erronka handia izan da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarentzat; izan ere, ez zeuden aurreikusita, eta turismoko eta merkataritzako zuzendaritzen aurrekontu osoaren % 18 inguru osatzen dute. Atzo beharrezkoa zena ezinbestekoa da egun eta garrantzitsua da administraziook erantzun eraginkorrak ematea", azaldu du sailburuak.