Ekonomia -

Koronabirusa

Espainiako Gobernuak urtarrilaren 31ra arte luzatu ditu aldi baterako erregulazioak

Halaber, Espainiako Ministroen Kontseiluak, bi modalitate sortu ditu: jarduera mugatua dutenentzakoa eta jardutea debekatuta dutenentzakoa.

Espainiako Gobernuaren arabera, 800.000 lanpostu galtzea eragotziko du luzapenak
Behargin bat, enpresa batean lanean
Espainiako Gobernuaren arabera, 800.000 lanpostu galtzea eragotziko du luzapenak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak errege lege-dekretu bat onartu du gaur, sektore batzuetan ezinbesteak bultzatutako aldi baterako lan erregulazioko espedienteak automatikoki urtarrilaren 31ra arte luzatzeko, eta bi espediente mota bereizi ditu: jardutea debekatuta dutenentzakoa eta jarduera mugatua dutenentzakoa.

Hain zuzen ere, bi modalitate horiek sortu izanak ekarri du gaur goizean CEOE enpresarien Espainiako elkarteak bat egitea atzo Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek espedienteak lau hilabete luzatzeko adostutako akordioarekin.

Ezinbesteko aldi baterako lan erregulazioko espedienteen luzapen automatikoa pandemiak gogorren jo dituen enpresetara mugatuko da, betiere beren aktibitatea Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionala (CNAE-09) delakoan bildutako kodeei badagokie, bertako balio katean badago edo negozioa nagusiki sektore horien menpe badago.

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak zehaztapen gehiago eman ditu. Hala, adierazi du otsailaren 29an 50 langile baino gutxiago zituzten enpresek % 85eko salbuespenak izango dituztela hilabetero, 2020ko urritik 2021eko urtarrilera arte, eta 50 langile baino gehiago zituztenek, berriz, % 75eko salbuespena.

Jardutea debekatuta dutenentzako aldi baterako lan erregulazioko espedientea

Edozein sektoretako enpresentzako espediente mota berriei dagokienez, bi motatakoak izango dira: batetik, agintariek hartutako neurrien ondorioz jardutea debekatuta duten enpresentzako aldi baterako lan erregulazioko espedientea (gaueko aisialdiko enpresak, esate baterako); bestetik, jarduera mugatua duten enpresentzako aldi baterako lan erregulazioko espedientea, udal, autonomia erkidego edo estatu mailako agintariek hartutako neurrien ondorioz (aforoak eta ordutegiak murriztea, adibidez) beren jarduera oztopatuta daukaten enpresentzat.

Jarduera eragotziko espedienteek % 100eko salbuespena ezarriko dute aurtengo otsailean 50 lagunetik beherako lantaldea zeukaten enpresentzat, eta % 90ekoa enpresa handiagoentzat.

Jarduera mugatua dutenentzako aldi baterako lan erregulazioko espedientea

Bestalde, jarduera mugatuko espedienteek (atzeraeraginez aplikatuko dira irailaren 1etik) urritik urtarrilera arteko kuotak arinduko dituzte: aurtengo otsailaren 29an 50 langile baino gutxiago zituzten enpresentzako salbuespenak % 100ekoak izango dira urrian, % 90ekoak azaroan, % 85ekoak abenduan eta % 80koak urtarrilean. 50 langile baino gehiago bazituzten, berriz, ehuneko horiek % 90, % 80, % 75 eta % 70ekoak izango dira, Escrivak azaldu duenez.

Gainera, aurreko luzapenean jarritako mugei eutsi diete testu berrian: aldi baterako lan erregulazioko espedientea indarrean den bitartean, ezingo da aparteko ordurik egin, jarduerak azpikontratatu eta, salbuespenak salbuespen, zuzeneko zein zeharkako kontrataziorik egin.

Horrez gain, enpresek ezingo dute espedienterik eskatu, baldin eta beraien egoitza zerga paradisutzat hartutako lurraldeetan badute. Halaber, enpresek ezingo dute dibidendurik banatu aldi baterako lan erregulazioko espedientea ezarri zaien urte fiskalean, baliatu dituzten salbuespenak itzuli ezean.

Era berean, neurri horiez baliatzen diren enpresek sei hilabete gehiagoan eutsi beharko diote enpleguari, inor kaleratu gabe; aurretik beste konpromisoren bat hartuta duten enpresen kasuan, aurreko hori amaitutakoan hasiko dira zenbatzen sei hilabeteak.

Dirulaguntza gehiago

Ministro Kontseiluak sinatutako testuan jasotzen denez, espediente horiei lotutako langabezia prestazioak ere urtarrilaren 31ra arte luzatuko dira. Oinarri arautzailearen % 70ekoa izango da dirulaguntza, nahiz eta sei hilabete igaro (horrela, oinarri arautzailearen % 50era jaistea saihestuko dute), eta langabeentzako “zero kontagailua” 2022ko urtarrilaren 1ean lehengoratuko da, aldi baterako lan erregulazioko espedientea kobratzen ari den artean langabezialdia bere horretan gelditzen baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana EEE Ekonomia 2024 Gaurko titularrak Eguneko albisteak Koronabirus-agerraldiak