Ekonomia -
Auzitegi Nazionala
Rato eta gainerako akusatuak absolbitu dituzte Bankia burtsara ateratzeko epaiketan
Auzitegi Nazionalaren arabera, Espainiako Bankuak eta Europako Banku Agintaritzak, besteak beste, eman zioten oniritzia Burtsara irteteari.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko Salak 34 akusatuak absolbitzea erabaki du, tartean Rodrigo Rato Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari nagusia eta erakundeko presidente ohia, Bankia burtsara ateratzeko epaiketan. Inbertitzaileei iruzur egitea eta kontabilitatea faltsutzea leporatzen zieten.
Astearte honetan ezagututako epaian, Salak azpimarratu du ikuskatzaile guztiek (Espainiako Bankuak, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak, Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak eta Europako Banku Agintaritzak) eman ziotela oniritzia Burtsara irteteari.
Halaber, liburuxkak informazio finantzario "zabala eta zehatza" zuela uste du, eta epaiketan akusatuen jarrera orokorrak baino ez zirela azaldu nabarmendu du, ez ekintza zehatzak.
Salak behin behineko ondorioak aldatzea egotzi dio ustelkeriaren aurkako Fiskaltzari; izan ere, hasieran "desegokitzat" jo zuen BFAren eta Bankiaren kontuen faltsutzea sostengatzea, eta, ondoren, kontabilitatearen faltsutzea defendatu zuen.
Ustelkeriaren aurkako azken ondorioen irizpide aldaketa, "behin behineko ondorioetatik hainbeste aldendu zena", "erradikala" izan zen, eta ez zen oinarritu "auziaren instrukzioak iraun zuen bost urteetako frogetan".
Auzitegi Nazionalaren arabera, Fiskaltzak Bankia sortu zuten zazpi aurrezki-kutxen kontuak zalantzan jarri beharko zituen, eta erakunde horien kontuen inguruko aditu-froga proposatu beharko zuen; hori egin ez zuenez, kontuak prozeduratik kanpo geratu ziren.
Erakunde horien integrazio prozesuari dagokionez, Bankiaren zazpi kutxen kontu indibidualen "egokitasuna" nabarmendu du auzitegiak, eta Espainiako Bankuaren (araudia ezartzeko eskumenak dituen erakundea) oniritzia jaso zutela gogorarazi du.
"Eztabaidarako barne prozesu batean parte hartu zuten zuzendaritza nagusiek, eta horren kontrako ahots bakarra Kontabilitate Araudiaren Dibisioko burua izan zen", dio epaiak.
Baina Auzitegiak "nekatu arte" ohartarazi zion Fiskaltzari 2010eko abenduaren 31n Bankia sortu zuten zazpi aurrezki-kutxen urteko kontuak faltsutzeagatik inputazioa prozesu horren esparrutik kanpo geratzen zela, epaiak dioenez.
Zentzu horretan, epaileek azpimarratu dutenez, Bankiak "gainerako Babes Sistema Instituzional guztiei aplikatu zitzaien kontabilitate-teknika bera jarraitu zuen, hala nola Banco Base, Banca Civica, Banco Mare Nostrum, Caja 3, Liberbank eta abarri".
"Eta ez dago zantzurik" Bankia osatu zuten kutxetako batek ere erakunde ikuskatzaileek ezarritako baldintzak betetzen ez zituenik.
Aipagarria da, halaber, testuak gaineratzen duenez, lekuko ugarik ez zietela aipamen zehatzik egin akusatuei; epaiketan inork ez zituen aipatu, "ez onerako ez txarrerako, eta, beraz, akusatutako pertsona gehienak ahanzturan erori ziren epaiketan zehar".
Burtsara irteteari dagokionez, Salak jasotzen du, halaber, Burtsara ateratzeko erabakia eta banku bikoitzaren egiturarekin ateratzeko erabakia "Espainiako Bankuak erabat aintzat hartutako" ebazpenak izan zirela, eta, gainera, erabaki horiek zekartzaten abantailak eta eragozpenak neurtu ondoren onartu zituela.
Espainiako Bankuak, bere Ikuskaritza Zerbitzuaren bidez, "Burtsara irteteko egindako urrats guztiak gainbegiratu eta onartu zituen", eta eragiketaren azterketa zehatza egin zuen. "Akusazioek ez dute hori guztia gezurtatu", eta "ez ikusiarena egin nahi izan zuten, hain datu irmoak alde batera uzteko ahaleginean".