Ekonomia -
POLITIKA OROKORREKO PLENOA
"Defizit eta zorpetze muga propioak" izango ditu Bizkaiak
Bizkaiko Batzar Nagusietan egin duen agerraldian, epe laburrean Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoa biltzea espero duela iragarri du Unai Rementeria ahaldun nagusiak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak astelehen honetan iragarri duenez, Bizkaiak "defizit eta zorpetze muga propioak" izango ditu aurten. Horrela, defizita eta zorra bere gain hartzeko gaitasuna izango du, Eusko Jaurlaritzatik aparte.
Legegintzaldiko politika orokorreko lehen osoko bilkuran parte hartu du Bizkaiko Batzar Nagusietan, bere gobernuaren kudeaketaren berri eman eta aurrera begirako lan-ildoak azaltzeko.
Rementeriak azaldu duenez, epe laburrean elkartuko da Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoa. EAJk eta PSE-EEk akordioa erdietsi dute erakundeekin, diputazioek "hain beharrezkoa den garai honetan" zorpetzeko aukera izan dezaten.
Pandemiak eragindako egoera ekonomikoa ere izan du hizpide. Aurreikuspenen arabera, Bizkaiko Barne Produktu Gordina % 10,5 jaitsiko da eta zerga bilketa % 18 murriztuko da. Dena dela, Bizkaiko 2021eko aurrekontu proiektua "garaiz eta forman" aurkeztu nahi duela aurreratu du, atzerapenak izan daitezkeela onartu arren.
Koronabirusaren ondorioei aurre egiteko Europatik etorriko diren ezohiko funtsen inguruan "ezer gutxi" dakiela aitortu du. Dirua noiz helduko den eta ezta zertarako bideratu ahalko den ez dakiela gaineratu du.
Unai Rementeriaren hitzetan, Bizkaiko Foru Aldundiak 13,1 milioi euro inbertitu ditu COVID-19aren aurkako neurrietan. Autonomoei hirugarren hiruhilekoaren ordainketa zatikatutik salbuesteko dekretu bat prestatzen ari dela aurreratu du, eta Bizkaiko 901 mikroenpresei eta enpresa txikiei sozietateen gaineko zergaren itzulketa aurreratuko zaiela ere adierazi du.
Bestalde, Bizkaia Dorreko ekintzailetza zentroa 2022ko lehen hiruhilekoan zabalduko dutela iragarri du, eta proiektuak jaso dituen kritikak deitoratu ditu.