Ekonomia -
Lan-gatazka
Sidenorrek eta sindikatuek ez dute akordiorik lortu erregulazio txostenaren inguruan
Sindikatuak eta zuzendaritza zazpitan elkartu ostean, oraindik ez dute lortu langile guztiei eragingo dien lan erregulazio txostena adostea.
agentziak | erredakzioa
Sidenorrek eta sindikatuek ez dute akordiorik lortu taldearen lantegi guztietako behargin denei (1.500 inguru) eragingo dien Aldi baterako Lan Erregulazio Txostenaren inguruan.
Sidenor altzairugintza konpainiak lantegiak ditu Euskal Herrian, Kantabrian eta Katalunian, eta ordezkaritzak ditu Alemanian, Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan.
Aurreko irailaren 10ean merkatuaren gainbeherari erantzuteko "Industria eta enplegu trantsizio plana" aurkeztu zien sindikatuei, eta tartean zegoen langile guztiei eragingo dien Aldi Baterako Lan Erregulazio Txostena.
Orduan abiatu zen negoziazio epea, eta zazpi bileraren ostean, ez dira akordio batera iristeko gai izan. Sidenorrek azaldu duenez, sindikatuetako batzuk "ez dute negoziatzeko borondate minimorik izan".
Konpainiak azpimarratu du % 80ko osagarria eskaini zuela txostenak irauten zuen aldirako, oporren % 100a, eta aparteko soldataren parte proportzionala, "hori guztia akordio batera iritsiz gero, baina sindikatuek errefusatu egin dute".
LABek adierazi du 2012ko lan erreformak enpresari "akordiorik gabe ere erregulazio txostena ezartzeko" aukera ematen diola, eta batzarrean "harrokeriaz" jokatu izana leporatu dio Sidenorri.
LABen ustez, Sidenorren zuzendaritzak "xantaia" moduan erabili nahi du txostena, "langileen baldintzak okertzeko eta langileak egoera ahulean jartzeko negoziazioei begira".