Ekonomia -
Koronabirusa
Gehiegizko lan karga salatu eta taldeak indartzea eskatu dute ospitaleetako langileek
Osakidetzako langileak haserre agertu dira ostiral honetan koronabirusaren pandemiak ospitaleetan eragindako lan karga handia eta baliabide falta salatzeko antolatutako elkarretaratzeetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Osakidetzako ospitaleetako langileek elkarretaratzeak egin dituzte gaurko egunean zehar, SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek hala antolatuta.
"Jarraipen handia" izan dutela adierazi dute antolatzaileek, eta ospitaleetan "baliabide falta nabarmena" dutela salatu dute medikuek, erizainek, laguntzaileek eta ospitaletako gainontzeko langileek.
Aurreko astean lehen mailako arretako medikuek baliabide nahikorik ez zutela ohartazi ondoren, ostiral honetan Osakidetzako ospitaleetako langileak izan dira haserrea plazaratu nahi izan dutenak. Horretarako, egoitzen atarietan elkartu dira.
Koronabirusaren pandemiak eragindako gehiegizko lan kargak "azaleratu egin ditu aurretiaz zeuden egiturazko akatsak eta arazoak", adierazi dute langileek, Osasun Sailak "landu nahi ez dituen kontuak". Beraien hitzetan, osasun krisi honek "biziki larriagotu du egoera", baina "azken urteetan, osasungintzan egindako murrizketek asko ahuldu dute osasun sistema".
Murrizketa horien ondorioz, "egunerokotasunean, ospitaleko langileek muturreko egoeretan lan egin behar izana" adierazi dute, eta "osasun publikoan diru gehiago inbertitu ez izanagatik, aldi baterako kontratuengatik, lan karga handiagatik, baliabide faltagatik eta zerbitzuen pribatizazioagatik" egoera honetara iritsi izana salatu dute.