Ekonomia -

Lan gatazka

ELAk eta LABek greba deitu dute Gipuzkoako adinekoen egoitzetan urriaren 6an

Sindikatu bakoitzak bere aldetik egin du deialdia, baina manifestazio bateratua egingo dute egun horretan. Salatu dutenez, lan baldintzak "are okerragoak" dira orain.

Gipuzkoako adinekoen egoitzako langileen protesta bat. Artxiboko argazkia: EFE
Gipuzkoako adinekoen egoitzako langileen protesta bat.
Gipuzkoako adinekoen egoitzako langileen protesta bat. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta LAB sindikatuek greba deitu dute urriaren 6an Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, osasun krisia hasi zenetik lan baldintzak "are okerragoak" direla salatzeko eta hitzarmen berria eskatzeko. 

Sindikatu bakoitzak bere aldetik egin du deialdia, baina manifestazio bateratua egingo dute egun horretan. 

LAB sindikatuak Aldundiaren eta enpresen "pasibotasuna" salatu eta nabarmendu du badela garaia langileon "beharrezko lan hori aitortuko duen eta kalitatezko zerbitzu bat bermatuko duen lan hitzarmen bat izateko". 

ELAk ohar batean azaldu duenez, greba martxoaren 13an eten zuten, munduko osasun pandemia betean "erantzukizunez jokatzeko". Orain, "Foru Aldundiak eta enpresek egungo egoera oso larriaren aurrean duten borondate ezak behartuta" hura berrekitea erabaki dute. 

"Une honetan pandemiaren aurretik baino baldintza okerragoetan ari gara lanean. Orduan erdi esklabotzako lan baldintzez hitz egiten bagenuen, gaur egun sektoreko langileok pairatzen duguna ankerra da", azaldu dute.

Pandemiaren lehen olatuaren ostean —170 hildako baino gehiago izan dira eta ehunka langile kutsatu dira— langileak "fisikoki, psikologikoki eta emozionalki lehertuta" geratu direla gogorarazi dute. Eta orain, gainera, "enpresen eta Foru Aldundiaren mespretxua eta kudeaketa negargarria" pairatzen ari dira. "Albo batera utzi gaituzte", kritikatu dute. 

Udaberriko egoera zailaren ostean euren lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea are gehiago okertzea espero ez zutela gaineratu dute. Hori horrela, "erabaki gogorra" hartzea beste biderik ez dute ikusten, hau da, martxoaren 13an 243 egunen ostean gelditu zuten grebari berriro ekitea.

"Ez daude negoziatzeko prest"

"Lan gatazka eta gatazka soziala konpontzeko ahaleginak egin beharrean, eta langile, material eta lan baldintza hobeetan inbertitzen saiatu beharrean, gaur, 6 hilabeteko pandemiaren ostean, okerrago gaude. Gure eskaerari ez diote erantzuten, ez daude elkarrizketarako ezta eta negoziaziorako prest ere, eta, gainera, langileoi eta Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileei hain ondorio larriak ekarri dizkigun eredu horretaz harro daudela diote", salatu dute.

Egungo egoera kezkagarria dela ziurtatu dute. Pandemiaren aurretik ere estrukturala eta defizitarioa zen langileria faltari, orain lan-karga handitzea gehitu zaio, zentroen berregituraketa logikoa dela eta. Hori dela eta, "gaur egun langile falta horrek arrisku larrian jartzen du, ez bakarrik langileen osasuna, baita egoitzetako erabiltzaileen bizitza ere".

Langile faltarekin nahikoa ez balitz, gaineratu dutenez, bajak ez dira beti betetzen, "Ez dagoelako horiek betetzeko borondaterik, edo, besterik gabe, baldintza horietan lan egin nahi duen langilerik ez dagoelako; izan ere, gaur egun, egoitza batzuetan norbera babesteko ekipamenduak falta dira edo kalitate txikikoak dira, PCRak egin ditzaten gogor borrokatu behar da…".

"Ez digu balio txalo zaparradarekin. Bizi dugun bigarren berragertze honen aurrean, langile eta erabiltzaileok premiaz eta berehala baliabide pertsonal gehiago, gehiago eta hobeak behar ditugu, hau da, bizi- eta lan-baldintza hobeak. Erabiltzaileei baldintza duinak bermatzeaz gain, erabiltzaileen eta egoitzetako langileen bizitza – ahal den neurrian – Bermatzea ere esan nahi dugu", nabarmendu dute.

Azkenik, azpimarratu dute zaintza publikoko sistema baten alde egiten dutela, "ez Aldundiaren enpresa lagunak aberasten dituen baten alde".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Eusko Langileen Alkartasuna Grebak gaur Ekonomia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Egoitza geriatrikoak Sindikatuen azken ordukoa Gipuzkoako Foru Aldundia