Ekonomia -

Lan-gatazka

Auzitegi Gorenak aitortu du Glovoren banatzaileak autonomo irregularrak direla

Hala eta guztiz ere, enpresak uste du eztabaidak bizirik jarraitzen duela auzitegietan, bere eredua babestu duten ebazpenak ere badaudelako, tartean Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren azkena.

Glovoren banatzailea. Argazkia: EiTB
Glovoren banatzailea. Argazkia: EiTB
Glovoren banatzailea. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak aitortu du banatzaile baten eta Glovo enpresaren artean lan harremana dagoela, eta errefusatu egin du auzia Europar Batasuneko Justizia Auzitegira eramatea.

Auzitegi Goreneko Laugarren Aretoak agiri batean jakinarazi duenez, doktrina bateratzeko jarritako kasazio errekurtsoaren lehen arrazoia aintzat hartu du, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak aurtengo martxoan emandako epai baten ostean.

Epai horretan, Auzitegi Nagusiak autonomo faltsutzat jo zuen 2017an kaleratutako Glovoko banatzaile ohi bat, eta berriro onartzera edo kalte-ordaina ematera behartu zuen.

Orain, Gorenak berretsi egin du irizpide hori, lan-kontratua definitzen duten oharrak betetzen direla iritzita, bereziki mendekotasun- eta besterentasun-oharrak aztertuta.

Gorenarentzat, Glovo ez da bitarteko hutsa saltokien eta banatzaileen arteko zerbitzuen kontratazioan, baizik eta enpresa bat, errekadu eta mezularitza zerbitzuak ematen dituena, zerbitzu hori emateko funtsezko baldintzak finkatuz.

Gainera, jarduera egiteko funtsezko aktiboen, banatzaileen edo "riderren" titularra da.

Langile horiek ez dute enpresa erakunde propio eta autonomorik; enplegatzailearen lan antolaketan "txertatuta" ematen dute zerbitzua, Auztegiaren arabera.

Horren harira, Glovok Gorenaren erabakiekiko errespetua adierazi du, eta esparru arautzailea argitzearen alde egin du, bai Espainiako Estatuan, bai Europa mailan.

Eztabaidak irekita jarraitzen du auzitegietan, enpresaren esanetan, eta eredua baliozkotzat ematen duten hainbat epai daudela gogorarazi du, hala nola Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren azkena, eta kontrako beste batzuk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak