Ekonomia -
Lana
Luzuriagako behargin ohi bat amiantoagatik hil dela salatu dute
"Amiantoak eragindako gaixotasun profesionalen dramaren aurrean berriro jarri gaitu heriotzak, gero eta handiagoa den fenomenoa, arazo erraldoia", salatu du ELAk.
Agentziak | Erredakzioa
Amiantoak eragindako biriketako minbiziak jota Luzuriagako langile ohi bat hil dela salatu du ELA sindikatuak. 1977tik 1992ra amiantoaren eraginpean lan egin zuen hildako beharginak.
Sindikatu abertzaleak ohar batean azaldu duenez, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak lanerako ezintasun iraunkorra eman zion gaixotasun profesionalagatik, eta “segurtasun neurri faltagatik % 50eko gainordaina jasotzea dago mahai gainean”.
“Amiantoak eragindako gaixotasun profesionalen dramaren aurrean berriro jarri gaitu heriotzak, gordintasun osoarekin, gero eta handiagoa den fenomenoa, arazo erraldoia; XX. mendeko enpresen segurtasun neurri faltagatik eta kontrol publiko eskasagatik”, salatu du ELAk.
Horregatik, “erantzukizunarekin jokatzeko eta bide judiziala alferrik luzatzeari uzteko” eskatu die sindikatuak enpresei, “kaltetuen sufrimendua areagotzeko baino balioa ez duelako”.
Gainera, “langileriaren osasun eskubidea bermatzeko baliabide nahikoak bideratzea” eskatu die erakunde publikoei. Azkenik, “minbizia eragiten duten produktuak lantokietatik kentzeko borrokan jarraitzeko konpromisoa”, berretsi du ELAk.