Ekonomia -

Caixabank

CaixaBankek eta Bankiak bat egitea onartu dute, Espainiako bankurik handiena sortzeko

Bankia marka moduan desagertu egingo da. Caixabank berriaren administrazio kontseiluak 15 kide izango ditu eta egoitza nagusia Valentzian izango dute.

Caixabanken bulego bat. Argazkia: EFE
Caixabanken bulego bat.
Caixabanken bulego bat. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Caixabankek eta Bankiak bat egitea onartu dute arratsalde honetan bi erakunde horietako administrazio kontseiluek eta, ondorioz, Espainiako bankurik handiena sortuko dute, Europa Press agentziak zabaldu duenez.  

Bi administrazio kontseiluetako ordezkariak ia lau orduz egon dira bilduta. Aurrez, zorrotz aztertu behar izan dituzte bi erakundeen datu ekonomikoak eta negoziazioak uste baino gehiago luzatu dira desadostasunak izan direlako.  

Azkenean, banku berriaren % 75 inguru Caixabanken esku egongo da, eta gainerakoa Bankiaren esku. Horrela, bada, Criteriak akzioen % 30ari eutsiko dio eta, ondorioz, ez ditu talde gisa dagozkion onura fiskalak galduko. FROB Espainiako Gobernuaren erakunde publikoak, berriz, Bankiaren % 61,8aren jabe zen eta orain % 16a izango du, gutxi gorabehera.

Administrazio kontseilu berriak 15 kide izango ditu, bederatzi independenteak izango dira eta Estatuak ere bere ordezkaritza izango du.

Jose Ignacio Goirigolzarri (Bankia) izango da banku berriko presidentea, baina eskumenak mugatuta izango ditu. Gonzalo Gortazar Caixabankeko kontseilari delegatua izango da erakunde berria kudeatzeaz arduratuko dena eta berak zuzenduko du Europako Banku Zentralarekin harremana izango duen taldea.  

Bankia marka desagertu egingo da. Caixabank berriaren egoitza soziala Valentzian egongo da, baina Bartzelonan eta Madrilen ere egoitzak izango dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak