Ekonomia -
Bilera erronda
Mendiak bere asmoak aurkeztu dizkie Confebaski, UGTri eta CCOOri
Confebaskek lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuari adierazi dio hobe direla soldata jaitsierak; UGT soldatak jaisteko prest dago enpleguari eusteko, eta CCOOk ez du soldata jaitsierarik nahi.
agentziak | erredakzioa
Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburu berriak bilera erronda hasi du asteazken honetan EAEko gizarte eragile nagusiekin, bere sailaren jarduera ildoen berri emateko, COVID-19ak baldintzatutako egoeraren inguruan hausnartzeko eta besteen proposamenak entzuteko. Hala, Confebaskekin, CCOOrekin eta UGTrekin izan da gaur.
Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak esan du hobe dela arazoak dituzten enpresetan "barne malgutasuna" handitzeko neurriak hartzea, soldatak jaistea, besteak beste, neurri "bortitzagoak" erabili beharra izan baino lehen.
Horrela mintzatu da Zubiaurre lehendakariordearekin bildu ostean, eta esan du koronabirusak eragindako krisi ekonomikoa "oso larria" dela eta "helburu nagusia" orain "eustea" dela, ahal den enplegu eta enpresa guztiak irekita mantendu ahal izateko, pandemia kontrolatzen denean jarduera ekonomikoa berreskuratzen saiatzeko.
"Horretan gaude denok, egoera hau ahalik eta modurik onenean, susperraldia gertatu bezain laster aprobetxatzeko prest", laburbildu du Zubiaurrek.
Horren esanetan, "diru-sarreren jaitsiera larria" dagoen egoera baten aurrean, enpresa baten "bideragarritasuna" bermatu nahi bada eta gastuak nolabait murriztu behar badira, "askoz ere hobea" dela "barne malgutasuna handitzeko neurriekin" egitea, enpresak "egoera aldatu bezain laster suspertzeko eta garatzeko gaitasunari eutsiko diola bermatzeko".
Loli Garcia CCOO-Euskadiren idazkari nagusiaren iritziz, "akats garrantzitsua" da koronabirusaren pandemiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko "soldata jaitsiera orokorra" planteatzea, eta enpresa bakoitzaren egoera aztertzearen alde egin du.
CCOOko ordezkariak esan duenez, bere sindikatuak "ez du parte hartzen" soldatak modu orokorrean jaisteko proposamenetan.
"Enplegua mantentzeko lan egitearen aldeko apustua egin beharko da. Barne malgutasuna, erakunde sindikalekin negoziatu behar dena, kanpoko malgutasunaren aurrean dagoen tresnetako bat da", azaldu du.
Raul Arza UGT-Euskadiren idazkari nagusiaren esanetan, bere sindikatua soldata jaitsierak negoziatzeko prest dago, helburua lanpostuen % 100 mantentzea bada.
Helburu horren barruan "aukera asko" omen daude. "Guretzat negoziagarria da (soldatak jaistea) lanpostu guztiei eusteko helburua baldin badago", azpimarratu du Arzak, eta gaineratu du "elkarrekikotasuna" egon behar dela.
Hala, krisi garaian, jarduera suspertzen denean, langileek galdutakoa berreskuratu beharko luketela adierazi du.