Ekonomia -

BEC

Makina-Erremintaren Biurtekoa 2022ra atzeratu dute

COVID-19a tarteko atzeratu behar izan zuten azoka azaroaren 24a eta 26a bitartean egin behar zuten. Egungo "ziurgabetasuna" kontuan hartuta, baina, bi urte gehiago geroratzea ebatzi dute.

2018an egin zuten azken biurtekoa. Argazkia: BIEMH
2018an egin zuten azken biurtekoa.
Makina-Erremintaren Biurtekoa 2022ra atzeratu dute

1:43

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa (BIEHM) 2022ko maiatzera atzeratzea erabaki dute azokaren antolatzaileek. Berez aurtengo maiatzean egin behar zen azoka BECen, baina koronabirusaren krisiak eraginda, azarora atzeratu zuten. Orain, bi urte geroratzea ebatzi dute, egungo testuinguruaren "ziurgabetasuna" kontuan hartuta eta "enpresa erakusketarien iritziak jaso ondoren", behin lehentasunezko kontratazio epea amaituta.

BECek ohar bidez azaldu duenez, egoera epidemiologikoak sortzen dituen "zalantzak" direla eta, "ezin da bermatu BIEMH azokaren kalitatea sektoreko topaketa nagusi gisa", ezta fabrikazio aurreratuaren arlora egokitutako maila eta bolumena dituen eskaintza eta eragile nagusien parte hartzea ere.

Hori horrela, Bilbao Exhibition Centre, AFM Advanced Manufacturing Technologies eta AIMHE Makina-Erremintaren Inportatzaileen Elkarteko ordezkariek erabaki dute azoka atzeratzea dela aukera "arrazoizkoena", eta eskerrak eman dizkiete enpresei denbora honetan zehar baldintza gabe emandako laguntzagatik.

Horien esanetan, "lan handiko hilabeteak izan dira eta etengabeko azterketa eta monitorizazioak egin dira" martxotik. Orduan erabaki zuten maiatzeko edizioa azarora atzeratzea. Erabaki "zail" horren ostean, "ahaleginak bikoiztu" zituzten "erreferentziako tresna komertzial estrategiko" izaten jarraitzeko, "enpresekin lotura estuan lan eginda".

Antolatzaileek nabarmendu dute hemendik aurrera "konpromiso berarekin lanean" jarraituko dutela, "enpresa liderrak eta 4.0 berrikuntzaren ikuspegi osoena dituen nazioarteko topaketa bikaina" eskaintze aldera.

Hala, Makina-Erremintaren Biurtekoaren 31. edizioa 2022ko maiatzaren 30etik ekainaren 3ra egingo dute, BECen. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbao Exhibition Centre Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak Koronabirusa