Ekonomia -
Siemens Gamesa
Siemens Gamesak 2021ean marjina positiboetara itzultzea aurreikusi du
Bestalde, 2023tik aurrera mozkin garbiaren % 25 akziodunen artean banatzea aurreikusi du.
Agentziak | Erredakzioa
Siemens Gamesak 2021ean marjina positiboetara itzultzea aurreikusi du. Hala, 2020ko galeretatik irtetea lortuko luke, baita 10.200 eta 11.200 milioi euro artean fakturatzea ere, ekitaldi honetarako aurreikusitako 9.500 edo 10.000 milioien aldean.
Bestalde, 2023tik aurrera, gutxienez, irabazi garbiaren % 25 akziodunen artean banatzea aurreikusi du; beraz, egun aplikatzen den dibidendu-politika bera aplikatuko du. Hala azaltzen du inbertitzailearen egunaren harira Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) bidalitako aurkezpenak. Aurkezpenean, halere, ez da zehazten aurten dibidendua ordainduko duen ala ez.
Siemens Gamesak 805 milioi euroko galerak izan zituen ekitaldi fiskaleko lehendabiziko bederatzi hilabeteetan (urria-ekaina), COVID-19aren krisiak, Indiako eta Mexikoko merkatuen moteltzeak eta Norvegian zein Suedian izandako proiektuen gainkostuek eraginda. Urtebete lehenago, berriz, 88 milioi euro irabazi zituen.
Uztail amaieran kontuak aurkeztu zituenean, urte amaierako aurreikuspenak moldatu, eta 9.500 eta 10.000 milioi artean fakturatuko zituela aurreikusi zuen; azaroan, aldiz, 10.200-10.600 izango zirela adierazi zuen, eta ustiapen-marjina % 3 eta % 1 arteko negatibo doituarekin amaituko duela adierazi du. Aurreko gidetan, ordea, % 5,5 eta % 7 arteko marjina positiboa aurreikusten zuen.
Ostegun honetan, inbertitzailearen eguna dela-eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) igorritako aurkezpenean, Siemens Gamesak aurreratu du 2021erako ustiapen-marjin doitua espero duela,% 3 eta % 5 artekoa, eta % 8 eta % 10 artekoa 2023an.
Errentagarritasunera itzultzeko, COVID-19aren pandemiak eta Europako iparraldeko gainkostuek eragindako ondorioak arindu beharko dira, baita Indian aurreikusitako berregituraketa eta konpainia bultzatzeko abian jarritako Leap programan jasotako neurriak martxan jartzea ere.
Bestalde, 2020-2022 aldian, Siemens Gamesak fakturazioaren % 6 inbertsiora bideratzea aurreikusi du, eta 2023an tasa hori % 5era jaitsiko da.
Aurkezpenaren arabera, ekoizleak produktu berrien garapenean inbertitzeko fokua izango du, bai offshore (itsasoko energia eolikoa), bai onshore (lurreko energia eolikoa).
Gainera, offshore fabrikazio sarearen hedapenean inbertituko du (Taiwan edo Frantziara, adibidez), merkatu berrietan sartzeko ezinbesteko baldintza baita.