Ekonomia -
Turismoa
Hotelen okupazioa % 50 inguru jaitsi da Euskal Herrian
Gau igarotzeak % 51,1 eta % 53,7 jaitsi dira iazko uztailarekin alderatuta Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, hurrenez hurren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko hotel-establezimenduetako bidaiariek % 41 egin dute behera urtean, eta ostatu-gauek, berriz, % 51,1. Nafarroako hoteletako gaualdiak ere % 53,7 jaitsi dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko hoteletako bidaiari-kopurua 176.059 izan da uztailean, hau da, % 47,02 jaitsi da aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Ostatu-gauak, berriz, 328.241 izan dira, % 51,14 gutxiago, Espainiako Estatistika Institutuak astelehen honetan jakitera eman duenez. Plazen araberako okupazio-maila % 40, 7koa izan da EAEn, espainiar Estatuko laugarren indize altuena, non batez bestekoa % 35,6koa izan den.
Nafarroan, berriz, 98.070 gaualdi izan ziren uztailean hoteletan, hau da, % 53,7ko jaitsiera 2019ko hilabete berarekin alderatuta, aurten bertan behera geratu diren sanferminak ospatu ziren orduan.
Okupatutako gela bakoitzeko hotelen eguneroko batez besteko fakturazioa (ADR), uztailean, 87,69 eurokoa da EAEn eta 63 eurokoa Nafarroan; hau da, % 19,16 jaitsi da EAEn, eta % 30,9 Nafarroan, 2019ko hilabete berarekin alderatuta.
Bestalde, logela libre bakoitzeko eguneko batez besteko diru-sarrera (RevPAR) 23,7 eurokoa izan da Nafarroan (2019ko uztailean baino % 54,7 gutxiago), eta EAEn 40,55 eurokoa (% 52,8 gutxiago).