Ekonomia -

Enplegua

Volkswagen Navarra normaltasunera itzuli da langile guztien itzulerarekin

Hala, astelehenean honetan lantalde osoa bueltatu da lanera, aldi baterako lan-erregulaziotik kanpo. Halaber, lan-zama handitzen bada, behargin gehiago kontratatuko dituela uste du zuzendaritzak.

Volkswagenek hilaren 24an berreskuratuko ditu hiru lan-txandak Landabenen. Argazkia: EFE.
Volkswagenek hilaren 24an berreskuratuko ditu hiru lan-txandak Landabenen
Volkswagenek hilaren 24an berreskuratuko ditu hiru lan-txandak Landabenen. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Volkswagenek eguneko hiru txandak berreskuratu ditu gaur. Beraz, lantalde osoa bueltatu da lanera, aldi baterako lan-erregulaziotik kanpo jada, eta ekoizpen-aurreikuspenak onak dira; izan ere, hemendik gutxira, baliteke langile gehiago kontratatzea.

Ostegunean, COVID-19aren aurkako neurrien jarraipena egiten duen Batzorde Mistoak bilera egin zuen. Langileen ordezkariak eta enpresako Zuzendaritza batu ziren; azken horrek astelehen honetatik aurrera fabrikak hiru txandatan lan egingo zuela baieztatu zuen. Martxoan, ekoizpena gelditu egin zuten, COVID-19agatik, eta udaran bigarren txanda berreskuratu zuten.

Kontuan izanik aurreikuspenak onak direla eta salmentek gora egin dutela, Zuzendaritzak, bileran, iragarri du Alemaniako bulego nagusitik eskatu dutela Landabenek aztertzea goranzko malgutasun-neurriak abiatzea; besteak beste, etenaldi-lekualdaketak. Horrek langile gehiago kontratatzea ekarriko luke.

Ohar batean, Nafarroako Volkswagenek hemendik gutxira emango dutela jakitera etenaldi-lekualdaketak noiz abiatuko dituzten azaldu du, bai eta zein txandatan ezarriko diren. Lehenago, Alemaniatik baieztatu behar dute 2020rako programako autoen behin betiko kopurua.

Etenaldi-lekualdaketek ekarriko lukete aldi baterako langileak kontratatzea; hala, beharginen atsedenaldia erraztuko lukete, ekoizpena gelditu gabe. Txanda bakoitzean egindako autoetan, beraz, gorakada egongo litzateke.

"Hirugarren txanda abiatuz, Nafarroako Volkswagenek pandemiaren aurreko ekoizpen-jarduerarako buelta-prozesua burutuko du; langile guztien segurtasunak eta prebentziozko neurriak betetzeak, orain arte bezala, lehentasuna izaten jarraituko dute", adierazi dute enpresatik.

Jarduera etenda, martxoaren 15etik apirilaren 26ra arte

Martxoaren 15ean, ekoizpena bertan behera utzi zuten, COVID-19aren krisiagatik hartutako neurriengatik. Nafarroako Volkswagenek apirilaren 27an berreskuratu zuen ekoizpen-jarduera, lan-txanda batekin (06:00etatik, 14:00etara), osasun-agintarien zehaztutako prebentziozko eta segurtasun-neurri guztiak zainduta. Bigarren txanda ekainaren 3an berreskuratu zuten, 14:00etatik 22:00etara arte.

Ordutik, Nafarroako Volkswagenek, egunero, 1.054 autoko ekoizpen-programa bete du; T-Cross eredua horien % 55 izan da, gutxi gorabehera, eta gainerakoak, % 45, Polo eredua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Albisteak Nafarroa Ekonomia berriak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Volkswagen albisteak Automobilgintza