Ekonomia -

Lan-istripua

42 urteko langile bat hil da Barakaldon, lan-istripu ez-traumatiko batean

Lan-batzordeak elkarretaratzea egin du eguerdian, lantegiaren aurrean. Gizarte-taldeek eta sindikatuek, berriz, arratsaldean egin dute elkarretaratzea.

Barakaldoko (Bizkaia) Usoa tailerrean jazo zen lan-istripu ez-traumatikoa. Argazkia: Google Maps
Barakaldoko (Bizkaia) Usoa tailerrean jazo zen lan-istripu ez-traumatikoa
Barakaldoko (Bizkaia) Usoa tailerrean jazo zen lan-istripu ez-traumatikoa. Argazkia: Google Maps

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

42 urteko langile bat hil zen joan den astelehenean, abuztuak 17, Barakaldoko (Bizkaia) Usoa tailerrean izandako lan-istripu ez-traumatiko batean. Hori dela eta, tailer horretako langileen ordezkariek doluminak adierazi dizkiete langilearen senideei, eta "besarkada handia" bidali diete.

Enpresa-batzordeak aurten lanean izandako heriotzak salatu ditu, eta egoera "erabat onartezina" dela gaitzetsi du, ohar batean.

Ostegun goizean, enpresa-batzordeak elkarretaratzea egin du, lankidearen heriotza salatzeko. Halaber, gaitzetsi egin dute lan egin behar dutela "estresaren, beldurraren, prekarietatearen eta segurtasunik ezaren mehatxupean", COVID-19ak eragindako pandemiaren egoeragatik.

"Prekarietateak hil egiten du. Lan-istripurik ez" goiburua zuen pankarta baten atzean, 50 bat langilek salatu dute lankidearen heriotza.

Iñigo Petuya eta Andoni Ruiz enpresa-batzordeko Lan Osasunaren arduradunek azaldu dutenez, hildako langilea lorezaintza-lanak ari zen egiten Megaparken inguruan, eta eskorga bat zeraman, "gaizki sentitzen hasi eta zorabiatu zenean". Larrialdietako osasun-langileek artatu zuten arren, "ezin izan zen ezer egin, eta zendu zen", ikertzen ari dira zergatik.

Enpresa-batzordeko kideek nabarmendu dute "ahalegin handia" egin dutela, pandemian zehar, segurtasun-neurriak ezartzeko, eta, ildo horretan, zehaztu dute ez dela COVID-19ko kasu positiborik lantaldean: "Onartu beharko ligukete zeregin garrantzitsua eta lan gogorra ditugula", eskatu dute, eta deitoratu dute herritar askok gizabidearen kontrako jokabideak dituztela: "Maskarak, txakurren gorozkiak eta botiloiaren hondakinak uzten dituzte hiriko parke eta lorategietan, nahiz eta debekatuta dagoen". USOAko langileek mantentze-lanak egiten dituzte parkeetan eta lorategietan.

"Gaur egun, lan egiteko orduan dauden lan-baldintzak, estresa, beldurra, prekarietatea eta behin-behinekotasuna dira haien lanpostuetan hildako langileei buruzko datu kezkagarri eta mingarrien oinarria", gaineratu du enpresa-batzordeak.

Horrez gain, "pandemia betean gaude, eta egoera horrek langileak ahulago bihurtzen ditu; estresa, beldurra eta segurtasun falta areagotuz". Arrazoi horregatik, behar besteko neurriak "premiaz eta berehala" hartzeko eskatu diete enpresei eta erakundeei. Halaber, prebentzio neurriak betetzen direla bermatzeko eta kontrolatzeko eskatu diete Lan Ikuskaritzari eta Osalani.

Elkarretaratzea Barakaldon, arratsaldean

Gainera, herriko gizarte taldeek eta sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur arratsalderako, "Lan prekarietateak hil egiten du. Lan Istripurik Ez!" lelopean. ELA, LAB, ESK, STEILAS eta CNT sindikatuen babesa izan du protestak, eta Barakaldo erdiguneko Bide Onera plazan elkartu dira.

"Mobilizazio honekin, azpikontratazioa, prekarietatea, prebentzioan neurririk ez hartzea eta segurtasun neurrietan inbertsiorik ez egitea lanpostuan gerta daitekeen heriotzarekin bat doala salatu nahi dugu. Lan-karga handiak eta estres egoerak alde batera utzita", salatu dute deitzaileek, eta babesa eta elkartasuna adierazi diete hildako langilearen senideei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Barakaldo ELA albisteak LAB Lana Salaketak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Sindikatuak Enpresaburuak Steilas Telelana ESK