Ekonomia -
Koronabirusa
Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da Ipar Euskal Herriko enpresetan
Agerraldien % 24 lantokietan antzeman ostean hartu du erabakia Frantziako Gobernuak. Neurri berria irailaren 1ean sartuko da indarrean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koronabirusa berriro hedatzen ari dela eta, lantokietan maskara derrigorrezkoa izatea erabaki du Frantziako Gobernuak eta zehaztu du enpresen ardura izango dela beharginei musukoak bermatzea.
Laurent Pietraszewski Laneko Osasun Estatu idazkariak astearte honetan azaldu duenez, "espazio itxi kolektibo guztietan" erabili beharko da maskara, baita lanpostuen artean manparak jarritan badaude ere.
Elisabeth Borne Lan ministroak bilera telematikoa egin du sindikatuekin eta patronalekin eta ondoren eman dute erabakiaren berri.
Datozen egunetan laneko osasuna bermatzeko protokoloak eguneratuko dituzte eta neurri berria irailaren 1ean sartuko da indarrean. Halaber, agintariek telelanean aritzea gomendatu dute, garraio publikoan jendetza pilatzea saihesteko.
Maskara derrigorrezkoa izateaz gain, Gobernuak azpimarratu du ezinbestekoa dela pertsonen arteko segurtasun-distantzia mantentzea, eskuak sarritan garbitzea eta lanpostuak aireztatzea eta materialak desinfektatzea.
Konfinamendua amaitu zenetik, Frantziako Estatuan izan diren agerraldien % 24 enpresetan antzeman dituzte.