Ekonomia -
Koronabirusa
Arabako diru-bilketa % 20,3 jaitsi da uztailera arte, 234,4 milioi gutxiago
Jaitsiera orokorra izan da zuzeneko zergetan eta zeharkako zergetan, COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz. Dena dela, azaroan joera hori zuzentzea espero du Aldundiak.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako Ogasunak 917,6 milioi euro bildu ditu uztailera arte; hau da, iazko epe berean baino % 20,3 gutxiago (234,4 milioi gutxiago), COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioz.
"Jarduera murriztearen eraginak kezkatzen gaitu. Zerga-bilketaren gutxitzeak, ordea, badu zerikusirik Ogasunak onartutako zerga atzerapenekin ere, eta urteko azken hilabeteetan joera hori zuzentzea espero dugu. Gainera, enpresa eta familia askorentzat lagungarri izaten ari da", esan du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ohar bidez.
Arabako Foru Aldundiak ostiral honetan jakinarazi duenez, jaitsiera orokorra izan da zuzeneko zergetan (uztailera arte 419 milioi euro bildu dira), 2019ko lehen zazpi hilabeteetan baino % 12,7 gutxiago, eta zeharkako zergetan (416 milioi, % 24,3 gutxiago), batez ere BEZaren eta hidrokarburoen beherakadak eraginda.
Foru erakundeak azpimarratu du pandemiak iraun bitartean jarduera ekonomikoa murriztu izana, PFEZaren eta sozietateen gaineko zergaren atzerapenak familiei eta enpresei likidezia ziurtatzeko, eta Arabako ehun ekonomikoaren iraupena bilketaren beherakada horren atzean daudela.
Hala, zerga zuzenen arloan, Arabako Ogasunak 255,7 milioi euro bildu ditu uztailera arte BEZaren bidez, 2019an baino % 28,8 gutxiago, eta hori jarduera ekonomikoaren eta kontsumoaren jaitsierak justifikatzen du.
Horrez gain, errentaren kanpainaren uztaileko balantzeak 97,7 milioi euroko saldo negatiboa du Arabako Ogasunarentzat; aurreko urteko data berean, berriz, ia 45 milioiko zenbateko negatiboa izan zen. Gutxitze hori azaroan berreskuratzea aurreikusten da, zergadunek Arabako Ogasunaren errentaren kanpainako diru-sarrerak egiten dituztenean.
Bestalde, lan-atxikipenen bilakaerari dagokionez (enpleguaren eta soldaten joera markatzen dute), diru-bilketa % 0,83 jaitsi da, ekainean baino datu positiboagoa (orduan % 1,4 jaitsi zen), baina Aldundiak berretsi egin du kontzeptu horren ondoriozko diru-bilketaren beheranzko joera.
Autonomoen ordainketei dagokienez, dirubilketa % 43 baino gehiago gutxitu da, 2020ko lehen seihilekoari dagozkion ordainketa zatikatuak baliogabetzearen ondorioz. Horrek esan nahi du ia 6,5 milioi gutxiago bildu direla kontzeptu horrengatik.