Ekonomia -
Mugikortasuna
Euskadin VTCak arautzen dituen dekretuaren puntu batzuen aurka jo du Lehia Batzordeak
Zalantzan jartzen ditu zerbitzua 30 minutu lehenago kontratatzera behartzen duen atala, eta eskuragarri dauden ibilgailuak geolokalizatzea debekatzen duena, besteak beste.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) gidaridun ibilgailuen zerbitzuak arautzen dituen dekretuaren puntu batzuen aurka egin du Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak; hala nola, zerbitzua erabili baino 30 minutu lehenago kontratatzera behartzen duena edota eskuragarri dauden ibilgailuak geolokalizatzea debekatzen duena.
Halaber, Lehia Batzordeak astearte honetan ohar baten bidez jakitera eman duenez, dekretu horrek jasotzen dituen beste puntu batzuk zalantzan jarri ditu erakundeak. Adibidez, zerbitzua ematen ez denean bide publikoetatik zirkulatzeko debekua, eta aparkatuta dagoenean ibilgailuaren erabilgarritasuna ez ikusarazteko betebeharra. "Arau horiek lehia mugatzen dute, eta ez daude behar bezala justifikatuta ongizate orokorraren ikuspegitik", Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordearen arabera.
Erakundeak gogorarazi duenez, otsailean dekretuaren alderdi "gatazkatsu" horiek berrikusteko eskatu zion, formalki, Eusko Jaurlaritzari, baina ez zuen erantzunik jaso.
Dena dela, argi utzi du ez duela araua bere osotasunean zalantzan jartzen, "puntu jakin batzuk soilik". Inpugnazioak bi kontseilariren boto partikularra izan du.