Ekonomia -
Laguntzak
Iruñeko Udalak 800.000 euro bideratuko ditu deskontu bonuetara, kontsumoa bultzatzeko
Bonuak 20 eurokoak izango dira. Herritarrek 14 euro ordaindu beharko dituzte eta Udalak 6 euroko dirulaguntza emango du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iruñeko Udalak 800.000 euro bideratu ditu deskontu bonuak egitera, hiriko denda eta ostalaritzan kontsumoa bultzatzeko asmoz. Aipaturiko dirulaguntza jarduera ekonomikoa eta lana bultzatzeko 1,8 milioi euroko paketearen barruan dago.
Enrique Maya Iruñeko alkateak prentsaurreko batean aditzera eman du bonuak 20 eurokoak izango direla eta herritar bakoitzak, gehienez, 5 bonu erosi ahalko dituela. Herritarrek 14 euro ordaindu dituzte eta Udalak, berriz, 6 euro jarriko ditu. Alkateak esan du aurrekontu horrekin 130.000 bonu izango direla.
Bonuen kanpainak bi fase izango ditu. Lehenengo fasean (abuztuaren 11tik 31ra) establezimenduak ekimenera batuko dira eta herritarrek zein establezimenduk parte hartuko duten ezagutuko dute. Udalak emango dituen 6 euro horiek jasotzeko "zertxobait gehiago itxaron beharko dute saltzaileek"; hala ere, "6 euro horiek ahalik eta azkarren ematea" aurreikusten du Mayak.
Iruñeko Alde Zaharreko Dendarien Elkarteko gerente Carlos Albillok, hiriko dendarien ordezkaria den heinean, honakoa esan du: "Guztion ahaleginarekin, dirulaguntza hiriko dendetara iritsiko da, eta horrek salmentek gora egiten eta tokiko kontsumoak hiriko ekonomia suspertzen lagunduko du".
Azpimarratu du, bonu guztiak trukatuz gero, 4 eta 6 milioi arteko salmentak egongo direla Iruñeko saltokietan.