Ekonomia -
Lana
Michelineko Gasteizko eta Lasarte-Oriako langileak gaur itzuli dira lanera
Merkatuaren susperraldiari esker, aurreikusitakoa baino hilabete lehenago altxatu dute lan-erregulazioa, baina azken hiruhilekoan kontsumoak izan dezakeen jaitsierarekin kezkatuta daude langileak.
Euskadi Irratia | Erredakzioa
Michelin enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) dituen bi lantegietako 3.800 beharginak gaur, astelehena, itzuli dira lanera. Ildo horretatik, Lasarte-Oria eta Gasteizko lantegiek uste baino lehenago ekin diote berriro ohiko jarduerari, aurreikuspenak hobetu ondoren.
Hain zuzen ere, enpresa horretako langileak aldi baterako lan-erregulazioko egoeran zeuden maiatzaren 15az geroztik, COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz.
Alabaina, uztailaren 9an, enpresak partzialki amaitutzat eman zuen aldi baterako lan-erregulazioa, konpainiak pandemiaren aurreko ekoizpen-maila berreskuratu zuela arrazoituta.
Horrez gain, "merkatuaren susperraldiaren ondorioz", aurreikusitakoa baino hilabete lehenago ohiko jarduerari berriro ekiteko erabakia hartu zuen zuzendaritzak, eta, beraz, EAEko bi lantegietan bete-betean arituko dira lanean berriro gaurtik aurrera.
Horren aurrean, CCOO sindikatuak "positibotzat" jo du aldi baterako lan-erregulazioa bertan behera uzteko erabakia, baina kezka agertu du urteko azken hiruhilekoan kontsumoak beherakada izan dezakeelako.
Hala, Michelin enpresako langileek segurtasun-neurriak indartuta hasi dute lanaldia, koronabirusa zabaltzea saihesteko prebentzio-neurriak hartuta.