Ekonomia -

Lan gatazka

Siemens Gamesaren Agoitzeko lantegia ixteko aurreakordioa onartu dute beharginek

Tentsio handiko batzarra izan da. Bozketaren emaitza: aldeko 148 boto, kontrako 37 eta 2 boto zuri. Azkenean 88 langile birkokatzeko egitasmo bat aurkeztu du enpresak.

Siemens Gamesako langileak batzarrera sartzen, goizean. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.
Siemens Gamesako langileak batzarrera sartzen, goizean. EiTBko bideo batetik hartutako irudia.
Tentsio handia, Siemens Gamesako langileen batzarrean

1:23

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken momentuan akordioa lortu dute Siemens Gamesako langileen batzordeak eta patronalak, Agoitzeko (Nafarroa) fabrika itxiko zutela iragarri ondoren hasi ziren negoziazioetan. 11:30etatik aurrera bildu dira langileak, sinatutako aurre-akordioa babestu ala ez bozketan erabakitzeko. Azkenean beharginek aurre-akordioa onartu dute (aldeko 148 boto, kontrako 37 eta 2 boto zuri), ETBk aurreratu duenez. Tentsio handiko batzarra izan da.

Ostiraleko bilera azken aukera zen langileen batzordea eta enpresarentzat, Siemens Gamesak negoziazioak luzatzeari ezetz esan zion eta. Langileek konpainiaren azken proposamena bota zuten atzera ostegunena, eta azkenena, 239 pertsonak lan egiten duten fabrika itxiko duen planaren baldintzak hobetzea lortu dute.

Azken momentuan sinatu duten dokumentuaren arabera, abuztuaren 25etik irailaren 30era bitartean gauzatuko dira kaleratzeak. Kalte-ordain hobeak eta langile guztientzat gutxienez urtebete iraungo duen enplegu berria aurkitzeko plana aurreikusten ditu akordioak.

Horrela, euren etorkizuna baldintzatuko duen erabakia hartzera deituta zeuden gaur Gamesako beharginak Agoitzeko lantegia ixteko bart enpresak eta langile batzordeak sinatutako aurreakordioaren ondoren.

Zuzendaritzak jakitera eman duenez, 55 urtez gorako langileentzako aurre-erretiro plan bat eta lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte-ordaina (legeak ezarritako 20 egunen gainetik) adostu dute akordioan, gutxienez 30.000 euroko kalte-ordainarekin.

Gainera, konpainian 88 langile birkokatzeko egitasmo bat aurkeztu du enpresak; ondorioz, hutsune guztiak betetzen badira, 150 kaleratze izango dira prozeduraren amaieran. Hasieran 238 beharginak kaleratzea planteatu zuten.

Era berean, beste konpainia batzuetan langileak birkokatzeko enpresa bat kontratatu du Siemens Gamesak. Dagoeneko bete gabe dauden lanpostuak identifikatu ditu hirugarren enpresa horrek, Agoitzeko beharginek aukera izateko.

Duela hilabete aurkeztutako espedientearen eragina mugatzen duen akordioa lortu izanagatik “pozik” agertu da zuzendaritza. Hala ere, “itxierak beharginengan duen eragin negatiboaren jakitun da”, onartu du.

“Erabakia hartu baino lehen aukera guztiak kontu handiarekin aztertu genituen, baina ez dago besterik. Agoitzeko lantegia itxi behar dugu, kostu handiek eta kokape geografikoak munduko merkatuan lehiakor ez izatea ekarri dutelako”, azpimarratu du.

Zuzendaritzaren "jarrera ankerra" salatu du ELAk

Bestalde, ELAk, enpresa-batzordean gehiengoa duen sindikatuak, zuzendaritzaren “jarrera ankerra eta zitala” salatu du, “milioika mozkin lortzen dituen multinazionalak 239 familiaren etorkizuna axola gabe ekin duelako”.

Siemens Gamesak “langileei benetako xantaia” egin die, “kalte-ordainen hobekuntza enpresa-batzordearen sinadurarekin lotuz, enpresak aldebakarreko ekimenez egiteko aukera zuenean”, ziurtatu du ELAk ohar batean.

Horregatik, larunbat honetako batzarrean espedientea ez sinatzea eta auzitara eramatea defendatu du sindikatuak, “deslokalizazio kasu argi bat delako”. Azken bederatzi hilabeteetan Siemensek 2.272 milioi euroko etekinak lortu dituela gogorarazi du ELAk.

Gainera, itxiera eragozteko Nafarroako Gobernuaren “ezintasuna” deitoratu du ELAk. “Diru publikotan milioika euro jaso ditu enpresak”, gogorarazi du sindikatu abertzaleak. Lantegiaren itxierak “langabezia handia eta jendez husten ari den Nafarroako zonaldea” zigortuko duela ohartarazi du.

LAB: "Amaierarik okerrena da"

“Amaierarik okerrena da”, deitoratu du LAB sindikatuak. Lantegia ixteko zuzendaritzaren “asmo bakarra kaleratzeei prezio jartzea” izan dela salatu du sindikatu abertzaleak, “bistako xantaia etengabearekin”.

Multinazionalaren “helburu argia” gogor kritikatu du LABek ohar batean: “Deslokalizazioa eta ehunka lanpostu deuseztatzea, negoziatzeko borondaterik gabe”.

Sindikatuaren hitzetan, lantegiaren itxiera “oporraldian eta negoziaziorako aste gutxirekin” planteatzea “konpainiaren asmo txarra agerian utzi du, berriz industrializatzeko aukerak mahai gainean jartzeko borondaterik gabe”.

Gainera, zuzendaritzak negoziazioa “etengabeko xantaia argi batean” oinarritu du, enpresa-batzordearen sinadurarekin egin ahal izateko (sinatu edo ez dago diru gehiago eta legezko gutxienekoa kobratuko duzue…)”, azaldu du LABek.

Bi milioiko diru-laguntza bueltatzea eskatuko du Nafarroako Gobernuak

Bestalde, Nafarroako Gobernuak bi milioi euroko diru-laguntza publikoa bueltatzea eskatuko dio Siemens Gamesari, “diru-laguntza horietako baldintzak ez betetzeagatik”.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak ostiralean azaldu zuenez, Foru Exekutiboa “enpresa-batzordearekin elkarlanean” aritu da, eta itxiera saihesteko “mekanismo eta tresna guztiak mahai gainean jarri ditu”. “Deslokalizazio kasu oso argia da”, esan zuen Chivitek.

Chivitek onartu zuenez, langileak “egoera oso zaila bizitzen ari dira, duela hiru hilabete eskas lanerako konpromisoa baitzuten, eta guztia ondo zihoan”. “Enpresa ez da zintzoa eta gardena izan, langileei egoeraren berri eman ez dielako”, kritikatu zuen agintariak.

“Pertsona horien lana bermatzeko eskura genuen guztia egiten saiatu gara, Agoitzen duen eraginagatik”, azpimarratu zuen Chivitek. Zentzu horretan, zonaldeko “garapena eta lurralde oreka bermatzeko epe ertainean beste osagai batzuk mahai gainean” dituztela jakinarazi zion bertako alkateari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa ELA albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Multinazionalak Lana ABEEE kasuak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak Euskal enpresak azken ordukoa