Ekonomia -
Emaitzak
Laboral Kutxak % 39,8 murriztu du mozkin garbia 46 milioira arte
Kreditu kooperatibak adierazi duenez, COVID-19aren pandemiak sortutako krisiak finantza sektorea harrapatu du "erabateko eraldaketan".
Agentziak | Erredakzioa
Laboral Kutxak 46 milioi euroko irabazi garbia izan du urteko lehen seihilekoan, hau da, % 39,8 jaitsi da iazko epe berarekin alderatuta.
Zerga aurreko emaitza 55 milioira iritsi da, 2019ko lehen sei hilabeteetan baino % 34,7 gutxiago, Laboral Kutxak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Mondragon Korporazioaren baitan dagoen entitateak azaldu duenez, COVID-19aren pandemiak sortutako krisiak finantza sektorea harrapatu du "erabateko eraldaketan eta emaitzak sortzeko ahultasun une batean", "zero tasako edo tasa negatiboko epe luzeagatik errentagarritasun galera" izan delako.
Kreditu-kooperatibak azpimarratu duenez, seihilekoa 46 milioiko mozkin garbiarekin ixtea lortu du, bere gizarte-ekintzako funtsen zuzkiduraren aurretik, eta "abiapuntuko egoera sendo batekin, datorren agertoki konplexuari aurre egiteko".
Pandemiaren balizko ondorioak aurreikusteko, Laboral Kutxak 25 milioi euroko aparteko zuzkidura egin du, baina "berankortasun ratioak oraindik ez du degradazio zantzurik" eta kreditu zorroak ez du zuzkidura handiagorik behar.