Ekonomia -
Koronabirusa
Lan erregulazioan dauden langileen soldatak osatzeko laguntzak onartu ditu Nafarroak
Uztailean, abuztuan edota irailean enplegu erregulazioan dauden eta urtean 20.000 eurotik beherako soldata gordina duten langileek jaso ahal izango dute osagarria.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lan erregulazioan dauden beharginen soldatak osatzeko laguntzak onartu ditu Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak. Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Enpresa Konfederazioaren eta UGT eta CCOO sindikatuen artean hartu dute erabakia.
Horrela, uztailean, abuztuan edota irailean enplegu erregulazioan dauden eta urtean 20.000 eurotik beherako soldata gordina duten langileek eskatu ahal izango dute osagarria. Lanaldi erdia baino gehiago dutenek 150 euro jasoko dituzte hilabetero, eta gainerakoek 100 euro.
Enplegu erregulazioan sartu aurreko hamabi hilabeteetan langileak izandako kotizazioen batezbestekoan oinarrituko dira, laguntzak emateko orduan.
Hain zuzen ere, familia unitatea kontuan izanda, eskatzailearen 2019ko errenta aitorpenaren zerga-oinarria ezingo da, inolaz ere, 40.000 eurotik gorakoa izan. Errenta aitorpena banaka eginez gero, ezingo du 20.000 euroko zerga-oinarria gainditu.
Helburua da deialdia urrian argitaratzea, eta ordainketa bakarrean jasoko dute osagarria eskatzaileek. Laguntza horiek bideratzeko, gehienez 3 milioi euroko aurrekontua izango du Gobernuak, eta behin epea agortuta, laguntzaren bilakaera aztertuko dute.