Ekonomia -
Krisia
EAEko ekonomiak eta enpleguak % 20 inguru egin dute behera bigarren hiruhilekoan
Honenbestez, Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako beherakadak baino askoz handiagoak izan dira. 2020ko lehen hiruhilekoan, BPGk % 3,2 egin zuen behera, eta enpleguak % 2,8.
Agentzia | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomiak % 20,1 egin du behera 2020ko bigarren hiruhilekoan, eta enpleguak % 19,8. Honenbestez, Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako beherakadak baino askoz handiagoak izan dira.
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak hiruhilekoko datuen berri eman du ostiral honetan. Barne Produktu Gordinaren (BPG) eta enpleguaren bilakaera txarra islatzen dute datuek. % 13,4ko eta % 10,7ko beherakadak, hurrenez hurren, aurreikusi zituen EAEko Exekutiboak.
Dagoeneko 2020ko lehen hiruhilekoan, BPGk % 3,2 egin zuen behera, eta enpleguak % 2,8.
Aurrekaririk ez duen BPGren beherakada
Alarma egoera martxoaren 15ean indarrean sartu eta ekainaren 21era arte luzatu zen. Jarduera ekonomikoan ondorio larriak utzi ditu alarma egoerak, nahiz eta apirilaren 14an deseskalatze prozesua hasi.
Eustatek gogorarazi duenez, BPGk sekula izan ez duen beherakada eragin du koronabirusaren krisiak, 2019ko epe berdinarekin alderatuta % 16,9, hain zuzen ere.
Lanari dagokionez, iazko epe berdinarekin alderatuta % 19,8ko beherakada izan du enpleguak, eta % 17koa 2020ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta. Gainera, datuetan aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente (ABEEE) bati atxikita dauden milaka beharginak ez dira kontuan hartzen.
Irailaren 18an Euskadiko bilakaera ekonomikoaren inguruko behin betiko datuak argitaratuko ditu Eustatek.
BPGren eta enpleguaren bilakaera 2020ko bigarren hiruhilekoan. Irudia: Eustat