Ekonomia -

Confebask

Eraldaketa sakon baterako "herrialde mailako itun bat" eskatu du Confebaskek

Euskadiko patronalaren presidentearen aburuz, Euskadin lehentasuna enpresak eta enplegua salbatzera bideratutako gastu publikoaren eta aparteko zorpetzearen politikek izan beharko lukete.

Eduardo Zubiaurre, Confebaskeko presidentea. Irudia: EiTB
Eduardo Zubiaurre, Confebaskeko presidentea.
Eduardo Zubiaurre, Confebaskeko presidentea. Irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak "herrialde mailako itun bat" eta "aparteko funtsak" eskatu ditu Euskadiren berrikuntza eta eraldaketa sakona bultzatzeko. Ekonomia aurten % 9 jaitsiko dela uste dute, eta beraz, 45.000 pertsona euren lanpostua galduko dute.

Confebasken Kontseilu Nagusiaren ostean emandako prentsaurrekoan egin ditu adierazpen horiek Zubiaurrek, eta nabarmendu du osasun krisiari "irtenbiderik eman gabe" jarraitzen dutela, eta "aurrekaririk gabeko krisi ekonomiko eta sozialari" aurre egin beharko diotela.

Confebaskek ekaineko azken astearen eta uztaileko lehenengoaren artean egindako inkestaren arabera, erantzun dioten 900 enpresatik % 90ek atzeraldian edo geldirik ikusten dute merkatua. Hamar euskal enpresatik ia seik datozen sei hilabeteetan merkatuak atzeraldian edo atzeraldi handiko egoeran mantenduko direla uste dute.

Zubiaurrek zehaztu duenez, aurten BPGa % 9 inguru jaitsiko da Euskadin, 2020aren amaieran langabezia-tasa % 15 ingurukoa izango da, eta 45.000 lanpostu galduko dira.

Confebaskeko presidenteak uste du "herrialde mailako itun bat" behar dela, enpresen lehiakortasuna eta iraunkortasuna lortzeko ingurune ekonomiko eta soziala sustatuz, eta "lehiakortasun horren oztopoak ezabatzeko, ekintzailetza eta enpresa-hazkundea indartuz".

Zubiaurrek uste du datozen hilabeteei begira, Euskadiren lehentasunak gastu publikoaren eta aparteko zorpetzearen politikak izan beharko liratekeela, "enpresak salbatzera bideratuak, enplegua salbatu ahal izateko". "Aurten ekonomiari eutsi beharko zaio datorren urtean berriz aktibatzeko", zehaztu du.

Confebaskeko presidentearen ustez, Euskadiren "berrikuntza eta eraldaketa lehiakorra" lortzeko egoera horretaz baliatu behar da, 83. urteko uholdeen kasuan egin zen bezala.

Zubiaurrek azaldu du, funtsak "inbertsio eraldatzaileak egiteko, enpresa estrategikoak errotzea eta haztea sustatzeko, tokiko eskaria aktibatzeko edo bereziki zigortutako enpresak eta sektoreak sendotzeko" erabili daitezkeela.

Enpresen bideragarritasuna bermatzeko gizarte eragileen arteko akordioen garrantzia nabarmendu du Confebaskeko presidenteak, bideragarritasun hori beharrezkotzat jo du "bestela saihestezinak izango diren" neurri "traumatikoagoak" hartu behar ez izateko.

Bestalde, Euskadik zergarik gabeko finantza publikoak dituela azpimarratu du, eta, beraz, "aparteko zorpetzea" gauzatzeko aukera duela, eta era berean, egonkortasun instituzionala duela eta irailean "Gobernu sendo batekin" lan egingo duela espero du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Confebask Euskal Autonomia Erkidegoa Euskalduna Jauregia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak