Ekonomia -

Krisia

Langabezia-tasa % 10,8ra igo da EAEn 2020ko bigarren hiruhilekoan

6.000 langabe gehiago daude aurreko hiruhilekoarekin alderatuta; beraz, 110.400 langabe guztira EAEn.

Pertsona bat Bilbon lanean. Argazkia: EFE
Pertsona bat Bilbon lanean.
Pertsona bat Bilbon lanean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langabezia-tasa % 10,8ra igo da 2020ko bigarren hiruhilekoan. Gauzak horrela, urtarriletik martxora bitartean baino % 0,9 gehiago hazi da, koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz ezarritako alarma-egoera dela eta, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak astearte honetan jakinarazi duenez.

Biztanleria Jardueraren arabera sailkatzeko Inkestak (BJA) erakusten duenez, 6.000 langabe gehiago daude aurreko hiruhilekoarekin alderatuta; beraz, 110.400 langabe guztira EAEn.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Araban igo da gehien langabezia (% 11,8), bi puntu gehiago. Gipuzkoan 0,7 puntu egin du gora (% 8,6) eta Bizkaian % 0,6 (% 11,9).

Hiriburuei dagokienez, Gasteizen eta Donostian 2.500 eta 1.600 langabe gehiago zenbatu dituzte, hurrenez hurren; Bilbon, berriz, 800 langabe gutxiago daude.

Euskadin, 27.500 pertsona gutxiago daude lanean zerbitzuen sektorean, 5.400 gutxiago industrian eta 100 gutxiago eraikuntzan; lehen sektorean, berriz, 800 gehiago.

Generoari dagokionez, okupazioaren beherakadarik handiena gizonen artean jazo da, aurreko hiruhilekoan baino 19.000 okupatu gutxiago baitaude; emakumen kasuan, berriz, 13.400 gutxiago dira.

Ikasketei dagokienez, langabezia-tasaren igoerarik handiena ikasketa-maila handieneko pertsonen artean gertatu da, 1,6 puntuko igoerarekin, eta langabezia-tasa % 7,2koa izan da. Bigarren edo erdi-mailako ikasketak eta lehen mailako ikasketak amaitu dituzten pertsonen artean, langabezia-tasa 0,4 puntu igo da; % 12,9ra eta % 13,8ra arte hurrenez hurren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Koronabirusa Eustat