Ekonomia -

Lan-gatazka

Lanuzteak Olaberriako Arcelor Mittalen, enpresak ez dielako haien eskaerei erantzuten

LABek, "soldata igoera duinak, egutegian aldaketak adostea, sorospen kutxaren biziraupena eta errelebo kontratua egingo dela bermatzea" eskatu du, besteak beste.

Olaberriako Arcelor Mittal lantegia (Gipuzkoa). EiTBren bideo batetik hartutako argazkia
Olaberriako Arcelor Mittal lantegia (Gipuzkoa).
Olaberriako Arcelor Mittal lantegia (Gipuzkoa). EiTBren bideo batetik hartutako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olaberriako Arcelor Mittal enpresako langileek ordubeteko lanuzteak hasiko dituzte gaur, astelehena, enpresak haien eskaerei "jaramonik egin gabe" jarraitzen duela salatzeko. Gipuzkoako lantegiaren aurrean egingo dituzte protestak, astean hiru aldiz.

LAB sindikatuak ohar baten bidez adierazi duenez, joan den astean egindako langileen batzarrak 'ezetz' esan zion ELAk eta UGTk zuzendaritzarekin gutxiengoan sinatutako aurreakordioari. Gainera, baiezkoa eman zioten plataformari eta LABen eta CCOOren artean adostutako mobilizazio plangintzari.

Horrela, 16 hilabeteko "prozesu negoziatzaile luzean" babestu dituzten edukiak hitzarmenean txertatu daitezen negoziatzen jarraitzeari baiezkoa eman zitzaion, eta enpresako zuzendaritzak erakutsitako "borondate eskasari buelta emateko presio egiteko neurriak" adostu zituzten.

Txanda bakoitzak astean hirutan (astelehen, asteazken eta larunbatean) egingo ditu ordubeteko lanuzteak (laneko azken orduan), eta elkarretaratzeak egingo dituzte 13:00etan lantegiaren aurrean.

LABek azaldu duenez, joan den ostiralean langileek "lehenbailehen negoziatzera esertzeko" eskaera egin zioten zuzendaritzari, eta uztailaren 7an negoziatzen hastea proposatu zuten.

Sindikatuak deitoratu duenez, ordea, "zuzendaritzak negoziatzeko bileran parte hartzeari uko egin zion, erantzun argirik eman gabe eta agenda arrazoiak argudiatuz". Gainera, enpresak ez zuela bilera egiteko beste datarik proposatu salatu du LABek.

Testuinguru horretan, sindikatuak galdetu dio ez ote zaion "premiazkoa" iruditzen negoziatzera esertzea. Gainera, zuzendaritzari leporatu dio "Estatuko aldi baterako lan-erregulazio berria modu interesatuan aplikatzea" (Lan Ikuskaritzan salatu du jada LABek) eta "aurreko batzar bat egitea debekatzea".

LABek, "soldata igoera duinak, egutegian aldaketak adostea, sorospen kutxaren biziraupena eta errelebo kontratua egingo dela bermatzea" eskatu du, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Tolosa LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Multinazionalak Lana Arrasate Ekonomia Eguneko albisteak Zumarraga Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak Lan gatazkak Industria Burdingintza