Ekonomia -

Agoitzeko lantegiaren itxiera

Ehunka lagun manifestatu dira Iruñean Siemens Gamesaren itxieraren aurka

Agoitzen duen lantegia itxiko du Siemens Gamesak, 239 langile kaleratuz, eta Portugalera ekoizpena eraman, enpresa-batzordearen hitzetan, "askoz gehiago irabazteko helburuz".

Iruñeko manifestazioaren irudietako bat. Argazkia: LAB Sindikatua
Iruñeko manifestazioaren irudietako bat. Argazkia: LAB Sindikatua
Siemens Gamesak Agoitzen duen lantegiaren aurkako protesta egin dute

1:38

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka lagun bildu dira larunbat honetan Iruñean Siemens Gamesak Agoitzen duen lantegiaren itxieraren aurka. Itxiera horren ondorioz, 239 langilek euren lanpostua galduko dute. Txistu eta danbor doinuen artean egin dute martxa, eta hainbat oihu izan dira entzungai: "lantegi hau ez duzue itxiko", "Ayerdi entzun, Gamesa borroka dabil", "Siemens, kabroi, itzuli diru-laguntzak", eta "ez da krisia, kapitalismoa baizik", besteak beste.

"Agoitzeko Siemens Gamesaren itxierari ez" lemapean manifestatu dira. Alfonso Poyo enpresa-batzordearen presidenteak komunikabideei azaldu dienez, enpresa "bideragarria da, eta ixteko arrazoia da gehiago irabaztea", izan ere, ekoizpena Portugalera eramango dute, eta "hango soldatek eta lan-eskubideek ez dute zerikusirik".

Poyok gaineratu duenez, "Nafarroako Gobernuari laguntza eskatu diogu, eta ahal duena egingo zuela hitzeman zuen. Orain hori demostratzea tokatzen zaie". Nafarroako Gobernua horren inguruan arituko da ez bakarrik Siemens Gamesako "zuzendaritzarekin", baita Espainiako Gobernuarekin ere.

Agintari publikoak, itxieraren aurka

Itxieraren berri izan duenetik, horren kontra azaldu da Nafarroako Gobernua, eta "zailtasunez betetako egoerari buelta emateko baliabide guztiak erabiliko" zituela iragarri zuen. Bestalde, langileei "elkartasuna eta babesa" erakusteko adierazpen instituzionala onartu zuten aho batez Nafarroako Parlamentuan.

Gaurko manifestazioa sindikatuek, alderdi politikoek eta talde sozialek babestu dute, eta borrokan jarraitzeko asmoa berretsi dute manifestazioaren amaieran irakurritako agirian. Nafarroako Gobernuko laguntza eskatu dute berriro, Siemens Gamesak diru-laguntza publiko handiak jaso dituelako.

"Benetako konpromisoak nahi ditugu, Agoitzeko lantegiak diru publikoa barra-barra jaso duelako, eta Nafarroako Gobernuak ezin du ezikusiarena egin. Ez ditugu hitz politarik edo elkartasun faltsurik", azpimarratu du enpresa-batzordeak.

Ekoizpena beste herrialde batera eramango du Siemens Gamesak "enpresa berekoia eta eskrupulurik gabekoa delako, eta diru gehiago irabazi nahi duelako, eta langileen nahiz eskualdeko etorkizuna bost axola zaizkiolako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Iruñea Nafarroa Albisteak multinazionalak Siemens Gamesa bideoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua berriak Manifestazioak Lan gatazkak azken ordukoa Enpresen albisteak