Ekonomia -
Bizkaia
Lehen Mailako Arretan baliabide falta salatu dute Uribeko ESI zerbitzuko langileek
Gaur egun zerbitzu publiko horren baliabideek ez dutela Lehen Mailako Osasun Arretan zerbitzua indartzeko Osakidetzak agindu zuen % 10 ere betetzen esan dute.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaian, koronabirusean positibo ematen duten herritarren kontaktuak aztertzeko eta horien jarraipena telefono bidez egiteko Osakidetzak "soilik hiru profesional kontratatu ditu", Uribeko Erakunde Sanitario Integratuan (ESI) lan egiten duten osasun arloko ehun bat beharginek salatu dutenez.
Uribeko ESI zerbitzuko osasun arloko langileek eta administrariek ostegun honetan zabaldutako gutun ireki batean esan dutenaren arabera, gaur egun zerbitzu publiko horrek dituen baliabideek ez dute Lehen Mailako Osasun Arretan zerbitzua indartzeko Osakidetzak agindu zuen % 10 ere betetzen.
Horrez gain, Osakidetzak udan bajak betetzeko ordezkorik ez deitzea eta urte osoan ordezkapen kopurua "oso eskasa" izatea deitoratu dute.
Osasun arloko profesionalen esanetan, "Osasun Saileko Lehen Mailako Arreta erabat murriztuta iritsi da pandemia honetara, hamarkadetako kudeaketa negargarriaren ondoren; izan ere, gastuari eutsi nahi izatea obsesio patologiko hutsa bihurtu da, eta duela urte batzuk adostutako akordioak ez dira bete. Akordio horien arabera, profesional bakoitzeko ezin dira 1.400 paziente baino gehiagoko kupoak gainditu, eta oporren edo bajen ondoriozko absentziak ez ordezteko politika sistematikoa bertan behera utzi behar da".
"Aurreko guztiari etengabeko prestakuntzarik eza gehitu behar zaio, Osakidetzan aspalditik ez dagoelako. Gaur egun bizi dugun pandemia honetan, ez dugu COVID-19ari eta haren ondorioei buruzko prestakuntzarik jaso, eta jarraitu beharreko protokoloak posta elektronikoz bidaltzera mugatu dira", azaldu dute.
Testuinguru horretan, "astero protokolo ezberdin bat prestatzen zuten (eta batzuetan astero bat baino gehiago), aurrekoaren guztiz kontrakoa", deitoratu dute. "Ez dute inoiz gure iritzia kontuan hartu, ezta gure kexei erantzunik eman ere. Ez digute jaramonik egin", erantsi dute.
Halaber, koronabirusa atzemateko "detekzio-proben fidagarritasun zalantzagarria" salatu dute; izan ere, egunero ospitaleetara zein paziente bideratu behar dituzten eta zein ez erabakitzera behartzen dituzte, eta bereziki pandemiaren hasieran erabili behar izan zituzten norberarentzako babes-materialekin izandako "prekarietatea" gogorarazi dute.