Ekonomia -

Koronabirusa

Jaurlaritzak tokiko eta estatuko turismoari emango dio lehentasuna uda honetan

Turismoa sustatzeko bi kanpaina bultzatuko ditu, Euskadi "seguru" baten barruan ibilbideak eta planak egiteko proposamenekin.

Turistak. Argazkia: Efe
Turistak. Argazkia: Efe
Euskadi berrezagutzea da aurten Jaurlaritzak proposatutako turismo kanpainaren helburua

1:27

agencias | redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak tokiko eta estatuko turismoa lehenetsiko du alarma-egoeratik irten ondorengo lehen fase honetan, Euskadi "helmuga segurua eta konfiantzazkoa" dela helarazteko bi sustapen-kanpainarekin. Helburua "gertuko turismo hori berreskuratzea da, herrialdearen marka indartzeko", Sonia Perez Ezquerra Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak adierazi bezala.

Sailburuak asteazken honetan aurkeztu ditu Bilbon bere sailak prestatu dituen bi sustapen-kanpainak. Ekimen horien barruan sartzen dira 120 plan eta ibilbide desberdin baino gehiago egitea proposatzen duen egitasmoa, eskaintza gastronomikoa, sustapen-programa, iragarkiak, eta "aste gutxiren buruan" kontsumoa sustatzeko kaleratuko dituzten bonoak.

Sonia Perez Ezquerra Isabel Muela Turismo eta Merkataritzako sailburuordearekin batera izan da tokiko turismoari eta beste autonomia-erkidego batzuetako bisitariei zuzendutako bi turismo-kanpaina horien aurkezpenean. Adierazi duenez, "badakigu uda honetan bidaiarien konfiantza lehenetsiko dela, eta horiek helmuga hurbilagoak aukeratuko dituztela. Horregatik, gure kanpainak ez dira nazioarteko publikoari zuzentzen oraingoan; epe laburrean tokiko eta nazioko turismoa lehenetsiko dugu, herrialdearen marka indartzeko".

Haren ikuspuntutik, "Euskadik posizio pribilegiatua du, eta horrek aukera ematen dio eskaintza turistiko askotarikoa eta aberatsa eskaintzeko, bai Espainiako beste zonalde batzuetako turistentzat, bai bertako biztanleentzat".

Euskal sektore turistikoaren egoerari dagokionez, Perez Ezquerrak esan du "laguntza behar duela alderdi askotan, ez bakarrik ekonomikoan".

Perez Ezquerrak azaldu duenez, bere sailak prozesu honetan guztian estrategia bat jarraitu du, bi zatitan banatua: “Lehenik, erresistentziarena, pandemia deklaratu zenean; eta, hemendik aurrera, indarberritzearena, hori baita tokatzen dena".

Sailburuak adierazi duenez, bere aurreikuspenen arabera, turista atzerritarrak zain egon beharko dira mugak ireki arte, "beraz, espero izatekoa da uda honetan bidaiariek hurbileneko helmugak aukeratzea".

Ildo horretan, Perez Ezquerrak gaineratu du, bere sailaren aurreikuspenen arabera, uztailaren 1arekin iritsiko dela atzerriko turismoa, eta, horretarako, dagoeneko lanean ari dira Europako gertuko merkatuetako bidaia antolatzaileekin, uztailetik aurrera "kanpoko lehen turistak jasotzeko".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Uda hoy Koronabirusa Deseskalatzea