Ekonomia -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Iturbe: "Euskaltelen eta akziodunen proiektua Euskadirekin dago konprometituta"
Euskaltelen presidenteak "marea laranja" errepidera itzultzea espero du, eta "bost urtean bezeroak bikoiztea", Virgin Telco markarekin Espainiako Estatuan zabalduz.
Euskaltelek "bost urtean bezeroak bikoiztu" nahi ditu, milioi eta erdiraino, Espainiako Estatuan Virgin Telco izenean zabalduz, Xabier Iturbe telekomunikazio enpresako presidenteak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez. "Aurrez aurre lehiatu nahi dugu besteekin", azpimarratu du Iturbek, egingo duten eskaintza "malgutasunean" oinarritua izango dela eta telefono, sakelako edo Interneteko kontratuak banatzeko aukera egongo dela zehaztu aurretik.
Zegona enpresak erosi izanak zalantzan jarri du erabakiak non hartuko diren, baina Iturbek argi adierazi nahi izan du: "Euskal enpresa bat da. Erabakiak hemen hartzen dira. Bezeroak hemengoak dira. Proiektua eta akziodunak Euskadirekin daude konprometituta".
"Pandemiak askoz lan gehiago egitea ekarri du. Gehiago erabili dira teltefono finkoa, sakelakoa eta Internet. Interneteko langileek gogor egin dute lan". Xabier Iturbek aitortu du telekomunikazioek ongi erantzun dutela hiru hilabeteko jarduera horretan. Onartu du "saturazio" uneak izan direla, baina "azkar" konpondu dituztela. Euskaltelen presidentearentzat koronabirusak "joera batzuk azkartu" ditu, tartean telelana eta bideokonferentziak. "Euskaltelen bulegoetan ez dago inor, guztiek etxetik egiten dutelako lan". Iturbek esan du telelana aurrez aurrekoa baino "eraginkorragoa" ere badela, "konfinamenduan jendea oso adi egon da".
Donostian sortutako Mas Movil telekomunikazio enpresaz galdetuta (sektorean bezero gehien dituen bost enpresen artean dago), Xabier Iturbek erantzun du ez dela Euskal Herrikoa, "Mas Movil Madrilen" dagoelako. Esan du Mas Movilen proiektua erosketekin hazi dela, baina Euskaltelen hazkundea "industrialagoa" dela. Zegonak Euskaltelen proiektua bere egin duela adierazi du Iturbek, eta errepideak laranja kolorez betetzeko asmoa dute, Euskadi Fundazioa babestuta.