Ekonomia -
ETXEBIZITZA
Etxebizitzaren prezioa % 3,4 igo da EAEn lehen hiruhilekoan
Etxebizitzen prezioa % 3,4 hazi zen martxora arte, eta % 2,7 2019ko azken hiruhilekoarekin alderatuta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etxebizitzaren prezioa % 3,4 igo da EAEn lehen hiruhilekoan, aurreko urteko epe berarekin alderatuta, hau da, Estatuko batez besteko igoera baino bi hamarren gehiago (% 3,2), Espainiako Estatistika Institutuaren arabera.
Joan den martxoaren 14an ezarritako alarma-egoerak hilabete horretan egindako etxebizitza-salerosketen kopurua 2019ko martxokoa baino "nabarmen txikiagoa" izatea eragin zuen arren, jaitsiera horrek ez duela eragozten Etxebizitza Prezioen Indizearen kalkuluak ohikoaren "antzeko kalitatea" izatea ziurtatu du Espainiako Estatistika Institutuak.
EAEren kasuan, etxebizitzen prezioa % 3,4 hazi zen martxora arte, eta % 2,7 2019ko azken hiruhilekoarekin alderatuta. Azken hori ere Espainia osokoa baino handiagoa da, % 1,1ean geratu baitzen.
Hiruhileko arteko datuei dagokienez, igoera handiena EAEn izan da (% 2,7), eta ondoren Madrilen (% 2,5) eta Nafarroan (% 1,8). Kontrako aldean Extremadura (% 0,8), Gaztela eta Leon (% 0,8) eta Gaztela-Mantxa (% 0,5) daude.
Urte arteko konparazioan, Balear Uharteek izan zuten igoerarik handiena, % 6koa; ondoren, Asturiasek (% 4,4) eta Andaluziak (% 4,1). Igoera txikienak Extremaduran (% 0,3), Kantabrian eta Andaluzian (biak % 1ekin) izan dira.