Ekonomia -

Koronabirusa

Arabak urtebetez atzeratu du zerga-iruzurraren aurkako faktura elektronikoa

COVID-19aren krisiak eragindako "lehentasun-aldaketagatik" hartu dute erabakia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Foru Aldundiak 2022ra arte atzeratu du TicketBai fakturazio elektronikoko sistema berriaren ezarpena. Erabakia COVID-19aren krisiak eragindako "lehentasun-aldaketagatik" hartu dute; sistema berriaren helburua da zerga-iruzurraren kontrola hobetzea eta haren aurkako borroka indartzea.

Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu ahaldunak neurria babestu du, kontuan izanik Arabako ekonomia-sarean "jardueraren etenaldia" izan dela; halaber, "epeak luzatzearen alde" agertu da, negozioak sistema berrira egokitu ahal izan daitezen.

Asmoa zen fakturazio elektronikoko sistema berria 2021eko urtarrilean ezartzen hastea, baina Arabako Ogasunak urtebetez atzeratzea erabaki du; 2022ko urrirako, sektore guztietan izatea espero dute.

Batzar Nagusietan egindako agerraldian, Gonzalok azaldu du bere Sailak ez duela kontuak berregituratzeko aukera handirik; izan ere, aurrekontuko zatirik handiena Aldundiaren obligazioak ordaintzeko erabiltzen dute.

Gainera, nabarmendu du altxortegiko "soberakina" baliatzeko aukera dutela, eta, horrez gain, oso garrantzitsua dela, Espainiako Gobernuarekin adostuta, "zorraren muga handitzea", erakundeek, hala, zerga-bilketaren beherakada konpentsatu ahal izan dezaten. Gonzaloren esanetan, beherakada hori 500 bat milioi eurokoa izango da, eta, horietatik, 100 milioik eragin zuzena izango dute Arabako Aurrekontuan.

Hainbat neurri fiskal, Araba berreskuratzeko

Araba berreskuratzeko planean, hainbat neurri fiskal onartu egin dituzte, ahaldunak gogora ekarri duenez. Neurri horietarako, 248,5 milioi euro gehiago erabili ahalko dituzte, zergak atzeratuta, kenkari berrien bidez, eta beste zenbait neurri ekonomikorekin.

Oposizioaren aldetik, Nerea Martinez EH Bilduko batzarkideak proposatu du zerga-sistema aldatzeari heltzea; horrela, gaitasun ekonomikorik handiena dutenek egingo lukete ekarpenik handiena. Ohartarazi duenez, bere alderdiak ez du baimenduko Arabako Gobernuak murrizketarik egitea, egungo krisi ekonomikotik irteteko.

Ana Morales PPko batzarkideak adierazi du ez dagoela ados "iruzurraren aurkako borroka atzeratzeko erabakiarekin", kontuan izanik Arabako Aldundiak bildu ahal dituen “euro guztiak” beharko dituela; proposatu du Sozietateko Zerga bertan behera uztea.

Damian Garcia Elkarrekin Arabako batzarkideak galdegin du zergak "berraztertzea", gastu publikoari eutsiko zaiola "bermatzeko", bai eta zerga-erreforma gauzatzea beharrezkoa dela. Gainera, "zintzotasuna" eskatu dio Foru Gobernuari, oposizioko taldeei informazioa ematean.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Iruzurrak berriak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Arabako Foru Aldundia azken orduko albisteak TicketBai berriak