Ekonomia -

Itunpeko ikastetxeak

Sindikatuek patronalaren "blokeoa" salatu eta mobilizazioak iragarri dituzte

ELAk, Steilasek eta CCOOk "tresna guztiak" erabiliko dituztela ohartarazi dute, patronalek azaroan sinatutako “akordioak onartzeko” asmorik azaldu ez dutelako.

Itunpeko ikastetxeetako beharginen mobilizazio bat. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Itunpeko ikastetxeetako beharginen mobilizazio bat. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Itunpeko ikastetxeetako beharginen mobilizazio bat. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako patronalaren “blokeoa eta asmo txarra” salatu dute ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek, eta “tresna guztiak” martxan jarriko dituztela ohartarazi dute, “baita mobilizazioa ere”. Patronalek azaroan sinatutako “akordioak onartzeko” asmorik azaldu ez dutela kritikatu, eta Hezkuntza Sailaren “arduragabekeria eta geldotasuna” salatu dute, langileen “birkokapenerako akordioa galbidera” eramaten ari direlako.

Iragan osteguneko negoziazio mahaian “patronalen jarrera aldaketarik” izan ez zela deitoratu dute sindikatuek ohar batean. “Hezkuntza Sailaren erantzunik jaso gabe jarraitzen dugu”, erantsi dute.

Horregatik, “sinatutako akordioak betearazteko eskura ditugun tresna guztiak martxan jartzeko erabakia hartu dugu, mobilizazioa barne”, iragarri dute.

Azaroaren 9an gehiengo sindikalak eta patronalak akordioa itxi zuten, “lan gatazka gogorraren ostean”, Euskadiko itunpeko ikastetxeentzako “akordio bikaina” zen, “eduki oso garrantzitsuekin” eta langileen lan baldintzen “hobekuntza nabarmenarekin”, ELAk, Steilasek eta CCOOk gogorarazi dutenez.

"Patronalak ez du adostutakoa onartzeko borondaterik agertu"

Horren harian, akordioarekin “galdutako erosteko ahalmenaren ia erdia” berreskuratu zutela nabarmendu dute, kolektibo ezberdinentzako egindako lanordu pertsonalaren aitortza, % 75eko erretiro partziala eta ordezko guztiek % 100eko lanaldia eta kontratu mugagabea izatea, eta matrikulazio eskasagatik lanpostua gal dezaketen beharginak birkokatzeko irizpide objektiboak eta bermeak.

Era berean, akordioarekin “oztopo historikoak” gainditzea lortu zutela aintzat hartu dute sindikatuek, “soldatak eta lan baldintzak finantziazio publikoarekin lotzeko patronalen betiko asmoa esaterako”.

Patronalek eta sindikatuek birkokapenei buruzko akordioa Hezkuntza Sailarekin sinatu zutela gogorarazi dute, helburuak eta prozedurak zehaztuz.

Azken hilabeteetan, “grebari amaiera” eman zion akordioaren sindikatu sinatzaileak Kristau Eskola eta IZEA patronalekin akordioetara heltzen saiatu dira, bileretan zein negoziazio mahaian, “hitzarmenean adostutako neurrian edukiak” zehazteko helburuarekin. Hala ere, “ez da erraza izan, patronalak ez duelako adostutakoa onartzeko borondaterik agertu, eta prozesua etengabe oztopatzen eta atzeratzen saiatu delako”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza CCOO Steilas Lan gatazkak