Ekonomia -

Enplegua

Yolanda Diazek bide eman dio lan erregulazioak urte amaierara arte luzatzeko aukerari

Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia ministroak uste du sektore batzuek “laguntza hori” beharko dutela.

Yolanda Diaz Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia ministroa. Argazkia: Efe.
Yolanda Diaz
Yolanda Diaz Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia ministroa. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonomia ministroak gaur, asteazkenarekin, esan duenez, “dudarik gabe” zabalik du aldi baterako lan erregulazioak urte amaierara arte luzatzeko aukera, hala behar duten sektoreetan.

“Gaur egun, agerikoa da enpresak eta langileak luzatzearen aldekoak direla. Sektore arteko batzordearen jarduna bukatutakoan, bidaia orri bat izango dugu eskura eta jakingo dugu zein sektorek beharko duten laguntza hau ekainaren 30az haraindi. Ezbairik gabe, uste osoa dut zoritxarrez sektore batzuek beharko dutela”, azaldu du ministroak RNE irrati katean.

Diazen hitzetan, aldi baterako lan erregulazioak aplikatu ezean, enpleguaren suntsiketa masiboa izango zen Espainian eta egoera “oso larria” zatekeen.

Diazek esan du aldi baterako lan erregulazioek 3 milioi langile babestu dituztela Espainian, 10 milioi Alemanian eta 8 milioi Italian.

Horrez gain, aldi baterako lan erregulazioetako langabezia sariak “ia ordainduta” daudela adierazi du. Langabeziaren faktura jasangarria ote den galdetuta, jasangarria izango ez litzatekeena pertsona horiek langabezia babesik gabe izatea izango zela azpimarratu du ministroak.

Espainiako Gobernuak lan erreforman egin nahi dituen aldaketei dagokienez, Diazek esan du pandemiak lan arloan utzi dituen datuek agerian utzi dutela “ezinbestekoa” dela Espainiako lan legedia aldatzea, arau batzuek “goitik behera prekarizatu dutelako lan merkatua” eta behin-behineko kontratazioa “larriagotu” dutelako.

Halaber, Diazek gogora ekarri du Exekutiboa “laster” argitaratuko duten legedia lantzen ari dela: telelana arautuko dute eta plataforma digitaletako langileei, hala nola “riderrei”, gizarte babesa emango diete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana berriak EEE albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusaren Eris aldaera gaur Yolanda Diaz gaur