Ekonomia -
Koronabirusa
Jaurlaritzak 5 urteko epea jarri du krisiaren aurreko egoera ekonomikora itzultzeko
2025erako langabezia tasa % 10etik behera egotea jarri du helburu gisa, hau da, pandemiaren aurretik zegoen mailara jaistea.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak 2025ean langabezia-tasa % 10etik behera egotea jarri du helburu gisa, bost urtean COVID-19aren pandemiak sortutako krisiaren ondorioak iraultzeko.
Hala jakinarazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean, Ingurumenaren Mundu Mailako Egunaren harira Meatzaldea Ekoetxea Ingurumen Interpretazio Zentroan emandako prentsaurrekoan.
Erkorekak esan duenez, pandemiak eragindako krisiak "garrantzi handiko" egitasmo bat beharko du, datorren legegintzaldi osoan aurrera eraman beharko litzatekeena.
Eusko Jaurlaritzaren estrategia ekonomiko berriak 2025. urtea izango du jomugan, ordurako langabezia % 10etik behera egotea jarri baitu helburu, hau da, koronabirusaren pandemia hasi baino lehen zegoen mailan.
Zentzu horretan, Erkorekaren esanetan, "oso garrantzitsua" da Espainiako Gobernuak datorren ekainaren 19an Europako Batasunak onartuko duen ekonomia suspertzeko laguntza eta neurri sortaren "kudeaketa bateratua" egiteko hartu duen konpromisoa.