Ekonomia -

Ekainaren 1etik 5era arte

Hezkuntzako lan-eskaintza publikoan izena emateko epea, berriz irekita

Ekainaren 5era arte izango da zabalik. Hezkuntza Sailak 1.148 lanpostu eskaintzen ditu lan-eskaintza publiko honetan: 1.021 Bigarren Hezkuntzarako eta 127 Lanbide Heziketarako.

Ikasle-talde bat, irakasleari adi, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Ikasle-talde bat, irakasleari adi, artxiboko irudian
Ikasle-talde bat, irakasleari adi, artxiboko irudian. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak deitutako lan-eskaintza publikoan izena emateko epea ireki dute berriro gaur, ekainak 1, astelehenarekin, eta ekainaren 5era arte egongo da zabalik, hau da, datorren ostiralera arte, egun hori barne. Epe hori eten egin zuten martxoaren 14an, Espainiako Gobernuak COVID-19aren pandemia dela-eta dekretu bidez ezarritako alarma-egoera indarrean sartu zenean. Lan-eskaintza honetan, 1.148 lanpostu eskaintzen dituzte: Bigarren Hezkuntzarako 1.021 eta Lanbide Heziketarako 127.

Hezkuntza Sailak ohar batean jakinarazi duenez, gaur berrekingo diote Bigarren Hezkuntzako irakasleei eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoei zuzendutako Lan Eskaintza Publikorako eskabideak aurkezteko epeari. Epea ekainaren 1etik 5era egongo da zabalik (egun hori barne), eta, epe horren barruan, aurrez aurkeztutako eskabidea ordaindu ahalko da (ordaindu ez bazen), bai eta aldez aurretik betetako eskabidean edozein aldaketa egitea eskatu ere.

Jaurlaritzak gogora ekarri duenez, alarma-egoerak administrazio-epeak etetea ekarri zuen; besteak beste, hautaketa-prozesu honetarako ezarritako eskabideak aurkezteko epea bertan behera gelditu zen. Alarma-egoera indarrean jarri zenean, irekita zegoen eskabideak aurkezteko epea, otsailaren 28tik martxoaren 18ra bitartean. Beraz, astelehen honetan berrekin diote epeari, eta eten zutenean ixteko falta ziren egunak egingo ditu orain zabalik. 

Hezkuntza Sailak aurrerago jakinaraziko ditu hautagaiek zein epe izango dituzten programazio didaktikoa eta merezimenduak aurkezteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza berriak EAE Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024 Enplegu Eskaintzak 2024 COVID kasuak Alarma egoera Konfinamenduaren deseskalatzea