Ekonomia -
Katalunia
Nissanek Bartzelonako lantegia itxiko du eta 3.000 lanpostu zuzen galduko dira
Lantegia ixteko zurrumurruen aurrean, maiatzaren 4an lantaldeak greba abiatu zuen. Enpresak 20.000 lanpostu murrizteko asmoz abiatutako plan estrategiko berriari erantzunez hartu du erabakia.
Agentziak | Erredakzioa
Nissan Japoniako auto-ekoizleak Bartzelonako lantegia ixtea erabaki du, epe ertainera begira abiatutako plan estrategiko berriari erantzunez. Horren ondorioz, instalazio horretako 3.000 lanpostu zuzen inguru galduko dira, Espainiako Gobernuko Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak ostegun honetan jakitera eman duenez.
Aipatu iturrien arabera, konpainiak gaur goizean jakinarazi dio Ministerioari Katalunian bere jarduera guztia behin betiko amaitzeko erabakia hartu duela. Nissanek ibilgailuak ekoizteko lantegi bat du Bartzelonan, eta, horrez gain, prentsatze instalazio bat eta logistika-zentro bat du Montcada i Rexac herrian (Bartzelona) eta garapen-zentro bat El Prat de Llobregaten (Bartzelona).
Bartzelonako lantegia ixteko zurrumurruen aurrean, maiatzaren 4an lantaldeak greba abiatzea erabaki zuen; izan ere, enpresak, nazioartean 20.000 lanpostu murrizteko asmoz (% 15 inguru) abiatutako plan estrategiko berriari erantzunez hartu du erabakia.
Testuinguru horretan, Bartzelonako lantegiaren jarraipena posible dela ziurtatu du Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak, Nissanen zuzendaritzari duela hilabete batzuk aurkeztutako bideragarritasun txostena gogora ekarriz. "Errentagarriagoa da inbertitzea itxieraren kostua bere gain hartzea baino, horrek 1.000 milioi eurotik gorako kostua izan lezakeelako", ohartarazi dio Nissani ohar baten bidez.
Nissanen itxierari aurre egingo diotela eta mobilizazioak iragarri dituzte sindikatuek:
Nissanen itxierak ez du eragin zuzenik gure autogintzan, baina alorra kezkatuta dago: