Ekonomia -
Koronabirusa
Arabak 29 milioi euro mugiaraziko ditu ekonomia suspertzeko plan baten bidez
Kopuru horri beste 248,5 milioi euro gehitu behar zaizkio, Arabako Ogasunak zerga neurrien bidez txertatuko dituenak, zergak atzeratuta, zergak arinduta eta beste neurri ekonomiko batzuen bidez.
Agentziak | Erredakzioa
Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak gaur goizean aurkeztu du "A Plana"; hau da, "Arabaren alde mugiaraztea" helburu duten 50 neurri ekonomiko biltzen dituen talka plana. Ekintza ekonomikoak, zergen arlokoak, finantzetakoak eta kontsumoa sustatzekoak dira, eta sektore guztien aliantzetan eta parte hartzean oinarritzen dute beren estrategia, baita tokiko kontsumoan ere, krisitik ateratzeko gako nagusi gisa.
"Kontsumoa aktibatzea hemen, Araban, eta modu parte hartzailean egitea, guztiekin: autonomoak, ekintzaileak, merkatariak, ostalariak, ardogileak, enpresak, langileak, familiak… sare bat sortuta zerbitzuen, kontsumitzaileen eta Administrazioaren beraren artean. Gure lurraldean sinesteko garaia da, haren potentzialean, haren taberna eta saltokietan, haren baliabide turistiko eta kulturaletan, gure auzoko dendan, gure herrian… Arabaren alde egiteko garaia da. 'A Plana' Araba da", halaxe laburbildu du Gonzalezek lurraldea suspertzeko plan ekonomikoa. Guztira, "A Plana"-k 29 milioi euro mugiaraziko ditu (18,3 zuzenean eta 10,7 zeharka). Kopuru horri beste 248,5 milioi euro gehitu behar zaizkio, Foru Ogasunak zerga neurrien bidez txertatuko dituenak, hala nola zergen ordainketak atzeratuta enpresen eta familien likidezia ziurtatzeko une zail hauetan, zergak arinduta eta bestelako neurri ekonomikoen bidez.
Gainera, Arabako agintariak adierazi du inbertsioak egiten jarraituko dutela; hain zuzen ere, 60 milioi euro. Hori guztia, gainera, ikuspuntu soziala ahaztu gabe, diru-bilketaren jaitsiera nabarmenak ez baitu eragingo lurraldearen politika sozialetan. "Zerbait ikasi badugu krisialdi honetan izan da zein garrantzitsua den gure babes sozialeko sistema. Oso harro egon behar gara dauzkagun zerbitzu sozialez eta haietan lan egiten duen pertsona bakoitzaz. Hortaz, Arabako Foru Aldundiaren ekonomia eta aurrekontu estrategian, politika sozialek pisu handiagoa izango dute, eta are erdirago egongo dira", nabarmendu du. Planak 11 milioi euroko ekintzak jasotzen ditu, hala nola likidezia neurriak eta enpresa txiki eta ertainak digitalizatzeko laguntzak. Hala, honako sektore hauetarako abal programa nabarmendu behar da: merkataritza, ostalaritza, kultura eta sormen industria, autonomoak eta mikroenpresak, landa-eremua, nekazaritzako elikagaien sektorea eta jarduera sozialak.
"A Plana"-ren neurri gehienak enplegua berreskuratzera bideratuta badaude ere, badago zuzeneko ekintzak jasotzen dituen bloke espezifiko bat, hala nola emakumeei eta 45 urtetik gorakoei kontratazio mugagabeak egiten dizkieten enpresentzako laguntzak, baita helburu bera duten zerga arintzeak ere. Milioi bat euroko inbertsioa egingo da bloke horretan.
Arabatik etxebizitzak berritzearen eta haien jasangarritasunaren alde
Suspertze planak etxebizitzen birgaitze, obrak eta berritzeak errazteko ekintzak jasotzen ditu, bi helbururekin: batetik, Arabako etxeak eta haien bizi-kalitatea hobetzea, eta, bestetik, autonomoen eta sektoreko enpresen jarduera suspertzea. Hortaz, etxebizitza eta komunitateen berritze lanetan eginiko inbertsioetarako zerga arintzeak jasotzen ditu.
Era berean, nabarmendu beharrekoa da garaje partikularretako eta bizilagunen komunitateetako karga elektrikoko instalazioetarako berrikuntzetan zerga arintze berriak aplikatuko direla, mugikortasun elektrikoa sustatzeko xedez. Izan ere, “ingurumen jasangarritasuna ere lehentasuna izango da etorkizuneko Araban”, diputatu nagusiaren hitzetan.
Merkataritza eta turismoa
Foru Aldundiak Arabako merkataritzarako zuzeneko laguntzak onetsiko ditu, huraxe baita konfinamendu egunen ondoriozko jarduerarik ezagatik kalte handiena jasan duen sektoreetako bat. Hortaz, planak kontsumo bonuak jasotzen ditu tokian tokiko merkataritza sustatzeko, bai eta saltokientzako zuzeneko dirulaguntzak ere, digitalizazioan eta osasun segurtasunean inberti dezaten, besteak beste. Guztira, foru erakundeak 718.000 euro inbertituko ditu, eta 1,6 milioi euroko inpaktu ekonomikoa sortuko du.
Garai hauetan, garrantzitsua da arabarrak animatzea berriz ere deskubritzera lurraldea. Hortaz, Aldundiak turismo bonuak bultzatuko ditu eta tokiko erakunde, elkarte, irabazi-asmorik gabeko entitate eta enpresentzako dirulaguntzak sustatuko ditu barruko turismoa sustatzeko. Guztira, planak 1,5 milioi euroko inbertsioa jasotzen du, eta horrek, aldi berean, 2,4 milioi euro mugituko ditu turismoaren sektorean. Arabako ekoizpeneko lehenengo sektorea lehentasun garrantzitsua da Foru Aldundiaren planean, zeinak jasotzen baitu 10,5 milioi euro mugituko direla sektore horretan. Garrantzi berezia izango du mahastizaintza eta ardogintza sektoreak, eta kontsumoa suspertzearen alde egingo da, sektorea sustatzeko ekimenak bultzatuz, ostalaritza eta ardogintza sektoreari laguntzeko merkataritza harremanak berreskuratuz eta Arabako Errioxako ardoak saltzeko online plataforma bat abian jarriz.
Halaber, bonuak egongo dira Arabako elikagaiak erosteko, bai eta zerga laguntzak eta zuzeneko dirulaguntzak ere azpisektore kaltetuenentzat.
248,5 milioi gehiago zerga neurrietan
Suspertze planean jartzen duenez, ordainketak nabarmen atzeratuko dira eta murriztu egingo dira enpresen zerga betebeharrak, bai eta Arabako familienak ere. Krisialdiaren lehenengo asteetan hartutako neurriei esker, 203 milioi euro inguruko aurrerakina egongo da.
Edonola ere, neurri gehiago egongo dira sozietateen gaineko zergan, enpresek aurrera egin dezaten; batez ere, enpresa txiki eta ertainek eta mikroenpresek. Konturako ordainketen zenbatekoa murriztuko da, eta enpresa txikientzako beste neurri espezifiko batzuk hartuko dira, hala nola zerga oinarri negatiboen konpentsazioen muga handituz enpresa ertainentzat, txikientzat eta mikroenpresentzat, eta ehuneko kengarria handituz mikroenpresentzat. "Geldialdi hau behin-behinekoa izan dadila eta ez diezaiela ondorio dramatikorik eragin Arabako negozioei", gaineratu du Ramiro Gonzalezek. Laburbilduz, talka plan bat da, krisialdiaren kalte handiena jasan duten sektoreei laguntzeko eta haiek dinamizatzeko eta sustatzeko balioko duena. Araba eraikitzeko modurik onena, garai hauetan, Arabatik bertatik eraikitzea da.