Ekonomia -

Koronabirusa

Urkullu buru duen krisi mahaia gaur bilduko da, ELAren eta LABen parte hartzerik gabe

Sindikatuek egiten dituzten aldarrikapenak lehendakariak ez dituela kontuan hartzen eta helburu bakarra propaganda egitea dela iritzi diote.

Elkarrizketa sozialerako mahaia. Argazkia: Efe
Elkarrizketa sozialerako mahaia. Argazkia: Efe
Elkarrizketa sozialerako mahaia. Argazkia: Efe

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazken honetan, Mahai Sozioekonomikoaren laugarren bilera egingo dute erakundeek, patronalak eta sindikatuek, Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera, baina ELAren eta LABen parte hartzerik gabe, uste baitute Jaurlaritzak ez dituela aintzat hartzen euren aldarrikapenak.

LABek esan du krisi mahai horretan ez dituztela langileen beharrak kontuan izaten, eta Eusko Jaurlaritzak "antzerkia egiteko" eta "eragile sozioekonomikoekin argazkia ateratzeko" erabiltzen duela.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak eta Xabier Ugartemendia sindikatuko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkariak prentsaurrekoa eman dute, eta gogor jo dute Eusko Jaurlaritzaren "alde bakarreko" jarreraren aurka, "behin eta berriz patronalaren aldeko erabakiak" hartzen dituelako, eta "sekula ez" langileen alde.

Aurreko maiatzaren 6an, EAEko Mahai Sozioekonomikoaren hirugarren batzar telematikoa egin zuten euskal erakunde nagusiek, patronalak eta sindikatuek, Iñigo Urkullu lehendakariaren gidaritzapean, eta gaur laugarren batzarra egingo dute, baina LAB ez da horretan eta ondorengoetan izango.

Ugartemendiak azaldu duenez, LABek maiatzaren 6ko hartan ere ohartarazi zuen Eusko Jaurlaritzak ez zuela koronabirusaren ondorioz langileek dituzten arazoei erantzuteko asmorik, eta bai Jaurlaritza bai EAJ erabakiak "alde bakarrez" hartzen ari direla Mahaiaren bidez "adostasun irudi faltsua" erabiliz.

Sindikatuek egiten dituzten proposamenak "zaborrontzira" botatzen dituztenez, LABek ez omen du "erabilia" izan nahi, gaineratu du.

ELA ere ez da bertan izango

Bestalde, ELA ere ez da krisi mahaian izango, "alferrikakoa eta propagandistikoa" dela iritzita.

Sindikatuak agiri batean zabaldu duenez, azken bileran ere salatu zuen lehendakariak ez ziela jaramonik egiten sindikatuen proposamenei, eta soilik "adostasun irudi faltsua eman" nahi zuela.

ELAk osasun krisiaren "larritasuna" ikusita erabaki omen zuen mahai horretan parte hartzea, elkarrizketarako eta akordiorako prestutasuna erakutsiz.

Hala ere, hiru bileraren ostean sindikatuak egiaztatu omen duenez, Eusko Jaurlaritzak "ez ditu entzuten eta aintzat hartzen sindikatuen ekarpenak. Urkullu buru duen mahaia informatiboa besterik ez da, benetako edukirik gabe, ekarpenek Eusko Jaurlaritzaren jarraipenik eta interesik ez dute: helburu bakarra propaganda egitea da, egiaz existitzen ez den adostasun eta akordio irudia emateko".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza ELA LAB Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sindikatuak Koronabirusa