Ekonomia -
Koronabirusa
Satse sindikatuak erizain gehiago eskatu ditu ZIUetan, gaixoak hobeto artatzeko
Sindikatuak azaldu duenez, zainketa intentsiboetako lau unitatetik hiruk profesionalen defizita dute Euskadin. Batez beste, bi pazienteren ratioa gainditzen da profesional bakoitzeko.
eitb.eus
Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) lan egiten duten erizainen lantaldeak handitzea eskatu du Satse erizaintza sindikatuak Euskadin, erizain bakoitzeko bi paziente baino gehiago ez izateko. Horrela, "arreta eta zaintza hobea eman dakieke COVID-19aren eraginpean dauden pazienteei, eta baita beste gaixotasun batzuk dituzten gaixoei ere".
"Gure herrialdeko osasun-zentroetako erizainen, emaginen eta fisioterapeuten errealitatearen analisia" izeneko txostenaren arabera, zainketa intentsiboetako lau unitatetik hiruk erizainen defizita dute, Satsek ohar baten bidez azaldu duenez.
Txosten horren arabera, Osakidetzan, astelehenetik ostiralera, batez beste, 2,2 paziente daude erizain bakoitzeko goizeko txandan, eta 2,3 dira arratsaldeko, gaueko eta asteburuetako txandetan.
Sindikatuaren esanetan, ZIUetan dagoen erizainen defizita COVID-19ak eragindako pandemiaren aurkako borrokan egiaztatutako gabezietako bat da. Hori dela eta, Satsek unitate hauek indartzeko eskatu du, gaixoei etengabeko zaintza eta tratamendu espezializatua eskaintzeaz gain, paziente kritikoei 24 orduko asistentzia intentsiboa ematen dieten unitateak baitira.
Satsek azpimarratu du egungo ratioek "arrisku handiagoa" dakartela bereziki sentikorrak diren paziente mota hauen segurtasunerako eta osasunerako. Horregatik, unitate hauek hobetzeko eskatu dio sindikatuak Osakidetzari.
Bestalde, Pazientearen Segurtasunari Buruzko Lege Proposamena Diputatuen Kongresuan "lehenbailehen eztabaidatzeko zain" dagoela nabarmendu du sindikatuak. Zehazki, zainketa intentsiboetako unitateetan erizain bakoitzeko bi paziente baino gehiago ez direla inoiz egon behar esaten du herri ekimen bidez bultzatutako proposamen horrek.