Ekonomia -

Koronabirusa

Euskadi turista barik geratu zen apirilean, % 99,5eko jaitsierarekin

Turistentzako ostatuak itxita egon dira martxoaren 19tik, eta horrek eragin zuzena izan du beherakadan.

Kontxako hondartza, hutsik, konfinamendu garaian. Argazkia: Efe.
Kontxako hondartza, hutsik, konfinamendu garaian
Kontxako hondartza, hutsik, konfinamendu garaian. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadi ia turistarik gabe geratu da apirilean. 1.467 bidaiari hartu ditu aurten hilabete horretan, eta 276.415 hartu zituen iaz, hilabete berean. Jaitsiera % 99,5ekoa izan da.

Turisten jaitsiera ostatu-gauen kopuruan ere ikusten da. 13.027 zenbatu dituzte aurtengo apirilean, eta 5.398.485, berriz, 2019ko apirilean, Eustatek emandako datuen arabera. Kasu honetan, jaitsiera % 97,6koa da.

Datu txarrak aztertzeko orduan, kontuan izan behar da turistentzako ostatuak martxoaren 19tik itxita egon direla. Alarma-egoeran, oinarrizko zerbitzuak ematen dituzten ostatu batzuek bakarrik zabaldu ahal izan dituzte ateak.

Eustatek azpimarratu duenez, COVID-19ak euskal ostalaritzan izan duen eragina "ikaragarria" izan da, 56 ostatuk bakarrik izan dutelako nolabaiteko jarduera erkidego osoan. Gainerako 563ek, berriz, ateak itxita izan dituzte. Iazko apirilean, 35 bakarrik egon ziren itxita, arrazoi ezberdinengatik.

Datuak, lurraldeka

Lurralde bakoitzeko datuei dagokienez, Araban 6 ostatu egon dira zabalik, Bizkaian 29 eta Gipuzkoan 21, Osakidetzak medikalizatutako hotelak eta alarma-egoeraren ondorioz eta ezinbesteko arrazoiengatik pertsonak hartu behar izan zituztenak kontuan izan barik.

Apirilean, 627 bidaiari eta 4.125 ostatu-gau zenbatu dituzte Araban, batez beste 6,58 eguneko egonaldiarekin. Gipuzkoan, egonaldien iraupena antzekoa izan da (6,84 egunekoa), eta 681 bidaiari eta 4.657 ostatu-gau zenbatu dituzte.

Bizkaian, 159 bidaiari eta 4.245 ostatu-gau zenbatu dituzte apirilean, eta egonaldiek batez beste 6,7 egun iraun dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Turismoa Euskadi albisteak EAE albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak COVID kasuak Deseskalatzea Turismo-ostatuak Euskadi