Ekonomia -

Euskaltel

Euskaltelek Virgin telco markarekin hasi du hedapena Espainia mailan

Euskaltelek aurreikusi du bost urteren buruan bere diru sarrera guztien % 40 (520 milioi euro inguru) Virgin telcori dagokion negoziotik lortzea.

Josh Bayliss Virgin taldeko CEO eta Jose Miguel Garcia Euskaltel taldeko CEO. Argazkia: Euskaltel.
Josh Bayliss Virgin taldeko CEO eta Jose Miguel Garcia Euskaltel taldeko  CEO.
Josh Bayliss Virgin taldeko CEO eta Jose Miguel Garcia Euskaltel taldeko CEO. Argazkia: Euskaltel.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskaltelek asteazken honetan hasi du bere hedapena Virgin telco markarekin, eta Estatuko merkatuaren % 85era iritsi eta 18,4 milioi etxeri zerbitzua eman ahal izatea du helburu. Euskaltelen aurreikuspenen arabera, bost urteren buruan bere diru sarrera guztien % 40 (520 milioi euro inguru) Virgin telcori dagokion negoziotik etorriko dira.

Jose Miguel Garcia Euskaltel Taldeko kontseilari delegatuak estatu mailako operadore gisa egin dituen lehen urratsak aurkeztu ditu asteazken honetan, prentsaurreko birtual baten bidez. Proiektu hori "mugarri berri bat" dela adierazi du, "merkatuan dauden pakete konbergenteak hausteko".  Era berean, "premium eskaintza baten bidez, bezeroentzat aurrezpen handienak" bermatuko ditu.

Jose Miguel Garciak adierazi duenez, "merkatuan existitzen ez den posizionamendu bakarra" eskainiko dute, eta, euren eskaintzarekin, nahi dituzten zerbitzuak "hautatzeko" eta "behar ez dutena aurrezteko" aukera emango diete bezeroei.

Virgin telco markarekin zabalduko du Euskaltel Taldeak Espainia mailan hedatzeko estrategia, bost urteko epean Espainiako merkatuaren % 85era iristeko eta 18,4 milioi etxeri zerbitzua eman ahal izateko. Virgin telco Euskaltel Taldearen hiru markekin batera izango da merkatuan (Euskaltel, Telecable eta R), baina bakoitzak bere eremuan jarraituko du zerbitzua ematen, eta marka berria ere kontratatu ahalko da.

Euskaltelek aurreikusi du 2025erako bere bezeroen erdia Espainiako lurralde berrietan egotea, Virgin telco markarekin, eta, aldi berean, data horretarako 2019ko diru-sarrerak bikoiztea espero du, 685 milioitik 1.300 milioira igaroz.

Euskaltel Taldearen aurreikuspenen arabera, Espainia mailako hedapenak egungo bezeroen oinarriaren bolumena bikoiztuko duela, bai zerbitzu finkoetan, bai sakelakoetan. Hain zuzen ere, telekomunikazio finkoen egungo bezeroen oinarria 2,3 aldiz biderkatzea espero du, 1,5 milioi bezero baino gehiago izateraino, hedatzen ari diren merkatuetatik datozen 800.000 bezero finko inguru gehituz.

Halaber, aurreikuspenak betez gero, kontratatutako zerbitzu mugikorrak 3 milioi baino gehiago izango dira 2025ean, eta egun, berriz, milioi bat baino gehiago dira; beraz, bezeroek gaur egun erabiltzen dituzten zerbitzu mugikorren bolumena ia hirukoiztu egingo du.

Virgin markarekin merkaturatuko diren produktuak abiadura handiko banda zabala, datu bolumen "zabala" duten telekomunikazio mugikorrak eta telebista eskaintza "indartsua" izango dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Telefonia mugikorra Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak