Ekonomia -
Etxeko langileak
LABek etxeko langileak integratu nahi ditu eta euskal hitzarmen bat proposatu du
Txosten baten arabera, etxeko langileen % 30 ezkutuko ekonomian daude, eta gainerakoek sindikatuen jarduna zailtzen duten ezaugarriak dituen sektorea osatzen dute.
Agentziak | Erredakzioa
LAB sindikatuak etxeko langileak bere antolakuntzan integratu nahi ditu, eta, horretarako, haren egitura aldatuko du eta sektore horretarako euskal hitzarmen bat proposatu du.
Arantxa Vazquez LABeko buruzagiak eta Oihana Lopetegi sindikatuko fundazioaren azterketa arduradunak egindako txostenaren arabera, etxeko langileen % 30 ezkutuko ekonomian daude, eta gainerakoek sindikatuen jarduna zailtzen duten ezaugarriak dituen sektore bat osatzen dute, bakoitzak bakarrik egiten baitu lan, etxebizitza batean eta enplegatzaile desberdin batekin.
"Etxeko langileak historikoki egon dira antolatuta, baina ez sindikatuetan. Orain arte, sindikatuak ez gara etxeko langileak antolatzeko tresna izan, eta orain zor historiko hori gainditzeko erronka dugu", adierazi du LABek.
Hori lortzeko, sindikatuaren egitura tradizionala aldatzearen alde egin du LABek, etxeko langileek jarduera sindikala beraien tresna ere badela uler dezaten.
"Emakume langileei euren egoera aldatzeko gakoa eman diegu: negoziazio kolektiboaren ondorioz, euren lan-baldintzak hobetzea", gaineratu du LABek.
Hitzarmen horrek, zentral abertzalearen arabera, "ezaugarri zehatzak izan beharko ditu, langilei horiei dagozkien eskubideak modu sistematikoan urratzen direlako eta legediak ez dituelako gai jakin batzuk arautzen". Halere, ez du proposamen zehatzik egin.
LABek kritikatu du Espainiako Gobernuak ez diola sektoreari behar besteko babesik ematen, ez duelako euren baldintzen inguruko legerik egiten. Era berean, deitoratu du EAEko zein Nafarroako Exekutiboak ez direla "gutxienekora ere iristen", etxeko langileen lan-baldintzen ikuskaritzari dagokionez.