Ekonomia -

KORONABIRUSA

Lanbidek ekainaren 1ean ekingo dio berriro aurrez aurreko lanari

Enplegu zerbitzua segurtasun-neurriak egokitzen ari da bere 43 bulegoetan, arretak koronabirusaren aurka eskatzen diren osasun-jarraibide guztiak bete ditzan.

Lanbideko bulego bat. Artxiboko irudia.
Lanbideko bulego bat
Lanbideko bulego bat. Artxiboko irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beatriz Artolazabal Lan eta Gizarte politiketako sailburuak iragarri duenez, Lanbidek ekainaren 1ean ekingo dio berriro bulegoetako aurrez aurreko lanari, COVID-19aren osasun-krisiaren ondorioz modernizazio-prozesuan bost urteko "jauzi teknologikoa" eman ostean.

Bere sailak jakinarazi duenez, Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketa batean egin du iragarpen hori Artolazabalek, eta ildo telematikoetarako bultzada hori Lanbideko "kudeaketak arintzeko eta arreta pertsonalizatua hobetzeko" baliatzeko prest agertu da.

Halaber, enplegu zerbitzua segurtasun neurriak egokitzen ari dela 43 bulegoetan azaldu du sailburuak, arretak koronabirusaren aurka eskatzen diren osasun jarraibide guztiak bete ditzan.

"Ekainaren 1a izango da berriro irekitzeko epea, eta, nolanahi ere, hitzorduarekin izango da", adierazi du Artolazabalek, eta "telematikoki egin daitezkeen izapide guztiek tartea eta denbora utziko dute pertsonak hobeto artatzeko", ohartarazi du.

Etorkizun ekonomiko eta laboralari dagokionez, "maiatzeko datuen bilakaera" ikusi arte itxarotearen alde agertu da. "Badakigu egoera konplexua dela, eta ziurgabetasun asko ditugu. Badakigu 2020a ez dela urte ona izango, beraz, denok jarri behar dugu gure onena aurrera ateratzeko", esan du.

Espainiako Gobernuak bultzatu nahi duen gutxieneko bizi-errentari dagokionez, sailburuak Eusko Jaurlaritzak onarpenaren zain jarraitzen duela berretsi du, baita egungo Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin izango duen eraginaren zain ere.

"Gure Diru-sarrerak Bermatzeko Errentarekin babesa ematen diegu zaurgarritasun handiena duten pertsonei. Gu eskatzen ari garena Espainiako Gobernuak abiarazi nahi duen ekimena osagarria izatea da, gure DBEarekin bateragarriak izatea eta eskumenak errespetatzea", azpimarratu du.

"Neurri ona dela uste dut, nahiz eta beldur naizen presa handiegia izango dutela. Guri urte askotako kudeaketak bermatzen gaitu, eta badakigu zer kostatzen den horrelako eredu eraginkor bat finkatzea", ondorioztatu du sailburuak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gaixotasunak Lanbide Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa