Ekonomia -
Koronabirusa
Gasteizko Mercedes lantegian hiru txandatan arituko dira gaurtik aurrera
Lantegiak apirilaren 27an ekin zion jarduerari modu mailakatuan, martxoaren 16tik koronabirusaren pandemia dela-eta geldirik egon ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Mercedes-Benz lantegiak, Euskadiko enpresa handienak (5.000 langile ditu), astelehen honetan ekingo die berriro goizeko, arratsaldeko eta gaueko hiru lan-txandei.
Lantegiak apirilaren 27an ekin zion modu mailakatuan jarduerari, langileen heren bat baino gehiagorekin eta txanda bakarrarekin, martxoaren 16tik koronabirusaren pandemia dela-eta geldirik egon ostean.
Orain, zuzendaritzak jakinarazi du astelehenetik aurrera lantegiak bere jarduera produktiboarekin jarraituko duela goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandetan.
"Berrabiaraztearen lehen hiru aste horietan izandako esperientzia aztertu ostean, txandak eta horietako bakoitza bi zatitan banatzeko denbora kontuan hartuta, ondorioztatu da txanda bakoitzeko langileek aldageletan eta fabrikako sarreretan eta irteeretan bat ez egiteko modurik onena txanda bakoitzean langileak ordutegi bakarrera itzultzea dela, etenaldiak banatuz, eta garbitzeko behar duten denbora gehituz", argudiatu du.
Horrez gain, langile guztiek berriro fitxatu behar dute.
Prozesu horretan, 2 metroko distantzia zaindu beharko da pertsonen artean eta une oro maskara eraman beharko da.
Autobusen ordutegiak lan-eredu berrira egokituko dituztela ere jakinarazi du enpresak.
Mercedeseko zuzendaritzaren arabera, hau posible izan da "garai latzetan" langileek izan duten "jarraitutasunari eta jarrera egokiari esker".