Ekonomia -

Koronabirusa

Eskolara bueltatzeko erabakia zentroen esku utzi izana salatu dute sindikatuek

Sindikatuek berretsi dute ez dagoela baldintzarik maiatzaren 18an ikastetxeak segurtasunez irekitzeko, eta erabakia zentro bakoitzaren esku utzita Jaurlaritzak arduragabe jokatu dutela salatu dute.

Bastidako eskolako ikasgela bat hutsik. Artxiboko argazkia: EFE
Bastidako eskolako ikasgela bat hutsik.
Bastidako eskolako ikasgela bat hutsik. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuak haserre agertu dira Eusko Jaurlaritzak ikastetxe bakoitzaren esku utzi duelako maiatzaren 18an aurrez aurreko klaseak hastea edo ez. Hezkuntza Saila arduragabekeriaz jokatzen ari dela salatu dute eta mobilizazioak iragarri dituzte.

Sindikatuak hezkuntza komunitateko ordezkariekin (eskola publikoetako zuzendariak, ikasleen sindikatuak, guraso elkarteak eta ikastolak) bildu dira goizean konfinamendua arintzeko prozesuari buruz hitz egiteko eta ondoren agiri bateratua kaleratu dute.

Eusko Jaurlaritzak joan den astean iragarri zuen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak maiatzaren 18tik aurrera klasera bueltatzeko asmoa, eta gaur itzulerari buruzko erabakia hartzeko ikastetxeek autonomia izango dutela jakinarazi du.

Sindikatuek gogor kritikatu dute Jaurlaritza. Joan den astean aurkeztutako plana "inprobisazioarekin, arinegi eta zehaztasunik gabe" egin duela leporatu diote, eta orain azken erabakia zentro bakoitzaren gainean utzita "arduragabekeriaz" jokatzen ari dela salatu dute.  

"Osasuna bermatzeko neurriak eskaini gabe, ardura guztia ikastetxeen, familien eta ikasleen esku uzten du, bere ardurari uko eginez", kritikatu dute.

"Osasuna bermatzeko neurriak, protokoloak eta irizpide zehatzak biltzen dituen plana egin behar du Hezkuntza Sailak, eta ikastetxe bakoitzari plan hori gauzatzeko baliabideak eman behar dizkio", azpimarratu dute.

Horrez gain, itzulerari buruzko erabakia zentro bakoitzak hartuz gero, ikasleen arteko arrakalak sortzeko edo/eta handitzeko arriskua dagoela ohartarazi dute.

Gauzak horrela, Hezkuntza Sailari arduraz jokatzeko eta eskolara itzulera eragile ezberdinekin adosteko galdegin diote, osasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak har daitezen.

Segurtasun bermerik gabe

Ildo horretan, sindikatuek berriro nabarmendu dute Hezkuntza Sailak joan den astean iragarritako plana hezkuntza sektoreko eragileekin adostu gabekoa dela eta gaurko bileran berriro agerian geratu dela aurrez aurreko klaseak maiatzaren 18an segurtasunez hasteko baldintza nahikorik ez dagoela.

Hezkuntza Sailak protokoloak "segurtasun irizpide orokorregiak biltzen ditu eta hori ez da nahikoa".

"Itzulera maiatzaren 18rako iragarri izana arduragabekeria galanta izan bazen, arduragabekeria handiagoa da erabaki hori hartzeko erantzukizuna zentro bakoitzaren esku utzi izana", salatu dute.

Testuinguru honetan, sindikatuek elkarretaratzea egingo dute asteazken honetan Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa Lana Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Sindikatuak CCOO UGT Steilas Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea