Ekonomia -
ENPRESAK
CAFeko kontseilari izendatuko dute Idoia Zenarruzabeitia, Kutxabanken ordezkari gisa
Zenarruzabeitia Usansolon jaio zen 1959ko ekainaren 6an. 1986tik 1995era EAJko legebiltzarkide izan zen, eta ondoren, 1999tik 2009ra lehendakariorde eta Ogasun zein Administrazio Publikoen sailburu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
CAF enpresa gipuzkoarrak Akziodunen Batzarra egingo du ekainaren 13an eta egun horretan Idoia Zenarruzabeitia Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izandakoa enpresako kontseilari izendatuko dute, Kutxabanken ordezkari gisa.
Ostiral honetan eman zion jakitera enpresak CMNV Espainiako Balioen Merkatu Batzordeari noiz eta ze gai ordenekin ospatuko zuen bilera. Hasiera batean Beasainen egitekoa zen batzarra, baina COVID-19aren pandemia dela eta, boto ordezkatuarekin eta urruneko parte hartzearekin egingo da.
Izendapenen atalean, Juan Antonio Mutiloak Kutxabanken ordezkari izateari utziko dio eta Idoia Zenarruzabeitia Beldarrainek hartuko du bere lekua.
Zenarruzabeitia Usansolon (Bizkaia) jaio zen 1959ko ekainaren 6an. 1986tik 1995era EAJko legebiltzarkide izan zen, eta ondoren, 1999tik 2009ra lehendakariorde eta Ogasun zein Administrazio Publikoen sailburu izan zen Juan Jose Ibarretxeren gobernuan.
Politika utzi ondoren, CNMC Espainiako Merkatuen eta Konpetentziaren Batzordeko kontseilari izan zen.
Bere izendapena onartzen bada, Kutxabanek ordezkari izango da Zenarruzabeitia CAFeko Administrazio Kontseiluan. Kutxabank CAFeko akzioen %14ren jabe da.
Administrazio Kontseiluak beste aholkulari berri bat ere izendatuko du: Mayoral taldeko zuzendari nagusi zen Manuel Dominguez de la Maza, honek CAFen %5 erosi baitu.
Hala, Administrazio Kontseilua 11 pertsonak osatuko dute.
2019ko kontuak aztertu eta onartzeaz gain, CAFeko akziodunek akzioko 0,842 euroko dibidenduen banaketa ere bozkatuko dute.